Gata Cattanaren sei poema ekarri ditu euskarara Eider Beobidek

‘Madarika(tu)’ izenburupean zintzilikatu dituzte armiarma.eus webgunean.

Duela bost urte zendu zen, 25 urte besterik ez zuela, Ana Isabel Garcia Llorente, Gata Cattana izen artistikoz ezaguna. Protesta eta aldarrikapena, soziala eta feminista, ironiaz josten trebea zen artista, poeta, rap kantari eta politologo andaluziarra. Bere obra poesiaren eta raparen arteko muga-mugan dago, berak adierazten zuen moduan.

Haren sei poema ekarri ditu orain Eider Beobide Urkizarrek euskarara, Cattanaren mundu poetikoaren erakusgarri:  Madarika(tu); Eskutik; Gehiegi poetarentzat; Gainerako guztia, ez; Menda hostotxoa; eta Mohs eskala

Euskaraz lehendik ere itzulia zuen Gotzon Barandiaranek haren lana, 2020an. Lau poema dira Barandiaranek euskarara ekarriak: Eskuekin, Menda hostotxua, Teogonia, eta Etorriko dira.

Olatz Salvadorrek ere badu lotura Gata Cattanaren poesiarekin. Cattanaren Con las manos  izeneko poeman oinarrituta egindako kantua sortu zuen Salvadorrek, haren off ahotsarekin uztartuta. Aho uhal diskoko hamargarren kantua da, Eskuekin