Gastronomiaz euskaraz gozatzeko webgune berria martxan da

1.080 errezeta inguru ditu eskuragai, eta norberak bereak gehitzeko aukera ere eskaintzen du. sukaldean.com du izena webgune berriak, eta euskararen erabilera gastronomiara ere hedatzea du helburu. Gainera, euskaldunon errezetategia aberastu eta sukaldaritzan erabiltzen dugun hiztegi zehatza gordeko du.


Zuzeu.com albistegi horizontala kudeatzen duen Xoraturikan SL irabazi asmorik gabeko enpresak egokitutako webgunea da, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren dirulaguntzaren bitartez. Funtsean, azpiegitura xume bat baino ez du, baina denon artean elikatuz gero, indartsu egingo du euskararen alde.

Horregatik, webgune parte hartzailea da, sukaldaritza gustuko dutenen txokoa. Gainera, noizbehinka sariak banatuko dituzte orrialdean ekarpenak egiten dituzten lagunen artean. Hasteko, zintzilikatuko diren lehen hamar errezeten artean Sarako Olhabidea jatetxean bazkaltzeko edo afaltzeko bi lagunentzako aukera zozkatuko da. Eta zintzilikatutako lehen 50 argazkien artean ere berdin egingo dute, baina kasu honetan, Hernaniko Zumitza jatetxera joateko.

Atalak


Plazer Baduzu:Norberak bere errezeta edota sekretua aukeratu ahal izango ditu bertan.

Begigose: Eginberri dugun plateraren argazkia sarera igotzeko aukera emango digu.

Eleketa: Astean behin hitz bat nabarmenduko da, barazki, haragi, gailu edota eginbehar batena. Definizioa, jatorria eta etimologia zehaztuko dira bertan, eta horren bidez atal berri bat zabalduko zaio, Euskal Herriko txokoetan hitz hori nola esaten den gehitu ahal izateko.

Ziliportak: Sukaldaritzaren inguruko albisteak izango ditu; hala nola, berrikuntzen, azoken, edota jaien berri emango dute bertatik.