GASTRONOMIA, ZINEMA, ANTZERKI ETA KIROLAREKIN LOTUTAKO 200 JARDUERA INGURU IZANGO DIRA BILBAO BASQUE FEST-EN
Bihartik igandera jarduera ugari izango dira hiriko hogeita hamar espaziotan.
Bilbao basque Fest hasiko da bihar berrehun jarduera ingururekin, gehienak doakoak, eta igandera arte luzatuko da. Gastronomia, kultura, musika, merkatua, zinema eta kirola izango dira jardueren ardatzak: herri-kiroletako probak eta erakustaldiak, 0 kilometroko gastronomia-produktuak, dantza tradizionala eta gaur egungoa, kontzertuak, euskal zinema, familia-jarduerak, kalejirak, berbenak eta erromeriak...
Musikari dagokionez, Puy Barral eta Manu Gaignek Hezurrak kontzertu poetikoa egingo dute ostegunean. Eider Saez abeslariak kontzertua emango du eta aretoetan ere izango dira emanaldiak: Triple Zero, Norman Bates, Iñigo Puertas eta Chulería, Joder!, Akatz, Los Retumbes eta Munlet plays Devo... Kalejirak, erromeriak, eta DJak ere antolatu dituzte.
Zinemaren alorrean, Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas filma erakutsiko dute ostegunean, ostiralean eta larunbatean, BBK aretoan eta, ondoren, To bird or not to bird animaziozko film laburra.
Familiei zuzendutako ekintzak ere izango dira. Casilda Iturrizar parkean zirku-tailerrak egingo dira malabarak eta akrobaziak egiten ikasteko, eta baita antzerki-saioak ere arratsaldean. Oliver & Liuba: los inventores magia-ikuskizuna ikusteko aukera izango da Zabalgune eraikinean.
Umorerik ere ez da faltako. Jon Plazaolak Tu Tum Platz obra taularatuko du, eta Ivan Perezek eta Aitor Bidaurretak Tirando del carro inprobisazio-lana antzeztuko dute. Aroa Berrozperen Mejor será reírnos, Goitibera konpainiaren kale-antzerki barregarria, eta Bea Larrañagaren Soy la bomba ere ikusi ahal izango da.
Areatzan gastronomia eta kirola izango dira protagonista. Urdaibai, Arabako Errioxa, Gorbeialdea, Goierri, Uribe, Iparraldea eta Tolosaldeako produktuak izango dira bertan. Idiazabalgo gazta, Ezpeletako piperrak, Urigoitiko txorizoa, txakolina, izozkiak, txokolatea, eztia, ogia, euskal pastela, euskal bermuta eta Samaniegoko ardoa dastatu ahal izango dira dastaketa espresetan.
Tailer gastronomiko laburrak ere egingo dituzte. 45 minutuko tailer horietan, zenbait plater prestatzen ikasiko dute parte-hartzaileek, hala nola Bilboko pintxo tipikoak, Eusko Label txahaleko tartarra, baserriko nigiria eta bakailao-zebitxea.
Igandean, familientzako jarduerak izango dira Aretazako karpan, 11:00etatik 14:00etara. Bizkaiko eta Arabako bolo-jokoak, igel-toka, belaunaldien arteko egur-tailerrak, euskal folkloreko jantzien erakusketa eta musika-animazioa Musikako Udal Eskolako txistu-bandarekin. Bestetik, herri kirolen probak ere egongo dira Areatzako kaian: ingudea eta harria altxatzea, sokatira, txinga-eroatea, trontza, harri-zulatzaileak, aizkolariak eta abar. Era berean, zortzi urtetik gorakoentzako tailerrak ere egingo dituzte.
Hemen kontsulta daiteke egunez eguneko programa.