Gasteizko 'Zurrunbilo' arte eszenikoen jaialdia ostiralean hasiko da
Musika, irudi bisualak, eta antzezpena izango dira asteburuko ikuskizunetan.
Ostiraletik igandera izango da Gasteizko VIII. Zurrunbilo jaialdia, eta aurtengo helburuetako bat publiko gazte berria erakarri eta arte eszeniko garaikideak etorkizuneko belaunaldietara hurbiltzea izango da. Aurreko astean Arabako campusean mahai-ingurua eta ikuskizuna egin ostean, Baratza aretoan gauzatuko dira asteburuko ekitaldiak.
Ostiralean, zortzietatik aurrera, Xanti Agirrezabalak Satiro emanaldia eskainiko du. Satiroa sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia da. "Gizonezko lizun, likits, zantar eta haragikoia. Basoetako jeinua, erdi gizona erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, aker-zangoak, adarrak eta isatsa zituena. Ardoa edaten, jostatzen eta dantzan ibiltzen zena".
Jarraian, Miren Narbaiza eta Itziar Garaluzek zuzeneko musika eta zuzeneko bisualak ardatz dituen Meteo emanaldia egingo dute. Gizakiak lurrarekin eta inguratzen duen munduarekin duen harremanaren gainean hausnartzeko parada izango da.
Hurrengo bi egunetan, larunbatean eta igandean, Metrokoadroka konpainiak lan dokumentalean oinarritutako performance-laborategia egingo du. Parte-hartzaileek landu nahi duen gai baten inguruko dokumentazioa izango du abiapuntu. Tailerrean landutako tresnen bidez, bakoitzak bere ekintza diseinatzea izango da helburua. Goizez eta arratsaldez izango da tailerra.
Larunbatean bertan Maren Basterretxearen Igaro obra ikusi ahal izango da zortzietatik aurrera. Bestetik, Peru Galbetek Uraren Oldea zuzeneko sentikari musikal-bisuala eskainiko du, familiako diapositiba zahar batzuk oinarri dituena.
Azkenik, igandean, Oier Zuñigaren Eresia, lurra arin bekizu, ama ikusi ahal izango da. Ohiko dolu errituak nahikoak ez diren sentipenetik abiatuta, dispositibo poetikoen bidez bestelako dolu praktika esperimentatzeko helburu du obrak, ekintza eszenikoa bera, dolu erritu kolektibo bilakatuz.