Gasteizko Orbain Kultur Elkartearen urteurrena ospatzeko ekitaldiak
Bost kontzertu, lau liburu aurkezpen eta argazki erakusketa bat antolatu dituzte seigarren urteurrenaren harira.
2016an sortu zen Gasteizko Orbain Kultur Elkartea, punk-rockaren ondare kultural, politiko eta soziala bizirik mantentzeko asmoz. Urteurrenaren aitzakian egitarau berezia aurkeztu dute hilabete honetarako, The culture is dead! -Kultura hilda dago- lelopean. "Kilometro zero” kulturaren aldeko apustua egin nahi izan dute eta, hori dela eta, bertakoei presentzia eman nahi izan diete musika emanaldietan.
Iraileko ostiral eta larunbatetarako hamar jarduera antolatu ditu Orbain Kultur Elkarteak, Errota auzoko Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakian duen espazioan. Bost kontzertu izango dira hamar talderen eskutik, lau liburu aurkezpen, eta argazki erakusketa bat. Ekitaldi guztiak 19:00etatik 22:00etara bitartean izango dira, baina edukiera %50ekoa izango denez, bi emanaldi egingo dira: lehenengoa 19:30ean hasiko da, eta bigarrena 20:30ean. Liburu aurkezpenak streaming bidez jarraituko ahalko dira. Ez dituzte sarrerak aurrez salduko eta, beraz, leihatilan bertan eskuratu ahal izango dira edukiera bete arte.
Bihar emango diote hasiera egitarauari Leire Zabaletaren Doppelganger erakusketaren berrinaugurazioarekin, iaz itxi egin behar izan baitzuten ireki eta gutxira. Larunbatean, hilak 4, Negra Cucaracha Terrorfolk talde gasteiztarraren kontzertua izango da.
Irailaren 10ean La Rekba punk-rock talde donostiarrak kontzertua eskainiko du eta hurrengo egunean Patxi Irurtzunen Cucherías Herodes liburua aurkeztu eta Old Tower Stuffeko Rufok musika jarriko du. Irailaren 17an Joxe Lacalleren Si te mandan una carta liburuaren aurkezpena egingo dute eta baita argazki antimilitaristen erakusketa ere. Biharamunean Gasteizko Cerveza Suicida eta Iruñerriko Urkabe punk-rock taldeak arituko dira.
Bukatzeko, irailaren 24an Marta Fontana "Martillo"-ren La casa de Verges eta Ivan Hernandez "Doc Arritmia"-ren Desafecto liburuak aurkeztuko dituzte eta hurrengo egunean Zero punk-rock talde gasteiztarraren kontzertua eta RIP taldeko kide izandako Txerra Bolinagaren musika proiektua izango dira.