Gasteizko 'Kultura Plazara!' programak hamahiru ikuskizun antolatu ditu uztailean eta abuztuan

Dantza, txotxongiloak, zirkua, antzerkia eta musika izango dira besteak beste.

Kultura Plazara! egitasmoa uztailaren 4tik abuztuaren 31ra bitarte gauzatuko da, eta hamahiru ikuskizun izango dira. Euskal Herriko eta Madrilgo, Aragoiko eta Kataluniako artisten eta konpainien sormen-lana ezagutzeko aukera izango da bertan.

Inaugurazio-emanaldia uztailaren 4an izango da, eta Dantzaz konpainiaren Menu dantza-ikuskizun ibiltaria eskainiko da. Hamar dantzari izango dira protagonistak. Santa Maria plazatik abiatuko dira, 19:30ean, eta erdiguneko hainbat plaza zeharkatu ondoren,  Andre Maria Zuriaren plazan amaituko dute ibilbidea. 

Uztailaren 6an, Ibaiondo gizarte-etxeko plazan, Xa! Teatrek The Audition zirku eta klun ikuskizuna bateratzen dituen proposamena aurkeztuko du. Uztailaren 11n, Zabalgana gizarte-etxeko plazan, Aitor Vinagretek eta Aurora Brizek zuzeneko musika eta keinuen antzerkia uztartzen dituen Kokito eta India eskainiko dute. 

Uztailaren 13an, Hegoalde gizarte-etxean, Estefania de Plazek antzerkia eta zirkua bateratuko ditu Argako erregina ikuskizunean. Bestalde, uztailaren 18an, Mireia Miracle Companyk Sueña  dantza eta klun ikuskizunaren emanaldia egingo du Abetxukoko kiroldegiko plazan. 

Uztailari agur esateko, antzerkiko eta zirkuko bi proposamen izango dira: bata, uztailaren 20an, Judimendi gizarte-etxeko plazan, Ameztu Antzerkiaren Ipurbeltz; eta, bestea, Salburua gizarte-etxearen kanpoaldean, Zirika Zirkusen Aurkitu gabeko altxorra.

Uztaileko emanaldi guztiak 19:30ean izango dira.

Abuztuan, musika eta dantza
Abuztuaren 17an, Infragantik kontzertua eskainiko du Arriagako parkeko anfiteatroan eta, hilaren 20an, Ben Panterak Santa Maria plazan. Biak 20:00etan izango dira.

DAB Konpainiak Nun zira? dantza garaikidearen ikuskizuna aurkeztuko du eta Easo Abesbatzak hartuko du parte. Abuztuaren 24an izango da, 10:00etan, Judimendiko parkean. Abuztuaren 27an, berriz, Hegoalde gizarte-etxean Trapu Zaharraren Por hacer un favor antzerki-emanaldia eskainiko dute, ordu berean.

Azkenik, Titiriteros de Binéfar-ek Cómicos de la legua lana eskainiko du abuztuaren 29an, Ibaiondo gizarte etxeko kanpoko lorategian, eta Zirko Txoskok antzerkia eta zirkua nahasten dituen Oh-Pera, abuztuaren 31n, Iparralde gizarte-etxeko plazan. Bi emanaldiak 19:30ean izango dira.