Gasteizko Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia antolatu dute lehen aldiz
Iban Zaldua idazleak zuzenduko du, eta Arabako hiriburuan egingo da martxoaren 13tik 16ra.
Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak Aldecoa, Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdiaren lehen edizioa antolatu du. Jaialdia martxoaren 13tik 16ra bitartean egingo da, eta honen asmoa Araba "ipuinaren erreferente bihurtzea" da, "jadanik dena baino gehiago".
Literaturan eta irakurketan interesa duen edonori zuzendutako tailerrak, hitzaldiak eta irakurketak eskainiko dituzte. Kultura Etxean egingo dute nagusiki, baina Arabako Unibertsitate Campusera ere zabalduko da.
Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Ana Malagon, Aixa de la Cruz, Joseba Sarrionaindia, Pedro Ugarte, Mariasun Landa, Eloy Tizón, Isaac Rosa, Tina Vallés eta Benizze dira hitzorduan parte hartuko duten sortzaileak.
Martxoaren 13an hasiko da jaialdia eta Nagore Fernandez, Marijo Olaziregi eta Irati Majuelok Euskal ipuingintza: genero nagusia, ala bazterreko praktika literarioa? solasaldia egingo dute. Euskal ipuinaren duela gutxiko historiara hurbilduko dira eta generoaren egungo egoerari buruzko gakoak emango dituzte.
Aixa de la Cruz eta Isaac Rosak eleberria eta ipuinaren artean dauden aldeei buruz hausnartuko dute martxoaren 14an. Era berean, Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga eta Joseba Sarrionandia elkartuko dira euren lanen zati batzuk partekatzeko, Benizzeren musikarekin.
Hurrengo egunean, martxoaren 15ean, Ana Malagon, Tina Vallès eta Pedro Ugartek ipuinekiko duten grinaren inguruko arrazoiak azalduko dituzte, gaztelaniaz.
Mariasun Landak tailer literarioa egingo du martxoaren 16an, 10:00etatik 13:00etara. Landak gako batzuk eskainiko dizkie ipuinaren munduan interesa duten idazle arituei eta idazle berriei.
Azkenik, Eloy Tizónek generoaren bilakaerari buruz egin dituen azken gogoetak eskainiko ditu.
Programaren inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke. Jardueretan parte hartzea doakoa izango da baina aurrez eman behar da izena, webgunean.