Gasteizko FesTVal jaialdia martxan igandera bitarte
ETBko Baserria saioaren denboraldi berria aurkeztuko dute telebistako estreinaldien artean.
Gasteizen egiten den FesTVal jaialdiaren XIII. edizioa abiatuko da gaur eta igandera bitartean telebistako estreinaldien berri emango dute bertan, besteak beste. Saioen aurkezle, aktore eta zuzendariak ere hurbilduko dira Arabako hiriburura, denboraldi honetako kontuez hitz egiteko.
Hainbat saio aurkeztuko dituzte eta euskarazkoen artean ETBren Baserria realitya izango da. Baserriko bizimodua hirira eramango dute eta Klaudio Landak gidatuko du saioa aurreko denboraldian bezalaxe. Gainerako estreinaldiak hauek izango dira: Lola, Lola Floresen bizitza eta artea berrikusten duen telesail dokumentala; Celebrity Bake Off, sukalde batean inoiz egon ez diren hamabi aurpegi ezagun gozogile amateur onena izateko lehian; By Ana Milán, aktorearen bizipenetatik abiatutako fikziozko komedia; Todos mienten telesaila, ikasle batekin harremana izan duen irakasle baten istorioa kontatzen duena; Ana Tramel. El juego, jokoaren mundua ardatz duen thriller judiziala; Masterchef Celebrity, sukaldaritzako saioa; eta Los hombres de Paco telesaila, hamar urteren ondoren itzuliko dena.
Ostiralean pare bat topaketa izango dira. Alde batetik, B.S.O. ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Emilio Aragonen eskutik, musika, emozioak, nostalgia eta sorpresak uztartuz. Beste aldetik, Ana Pelaez, Andres Buenafuente eta Karlos Arguiñanok ikus-entzunezkoen orainaz eta etorkizunaz hitz egingo dute.
Larunbatean egingo dute amaiera gala Iradier Arenako Kultura Bizia gunean eta bertan banatuko dituzte jaialdiko sariak. Aurtengo saridunen artean izango dira Mikel Lejarza, EITBko albistegiak, Ana Garcia Obregon, Pablo Motos, Antidisturbios eta Hierro telesailak, eta Pasapalabra lehiaketa, Masterchef. Galarako sarrerak salgai daude 16 euroan.
Musika emanaldiei dagokioenez, berriz, Ene kantak emanaldia izango da ostegunean, irailak 2, Iradier Arenan, 17:00etan. Igandean Udal Musika Bandak telesail eta filmen soinu-bandetan oinarritutako Fuera de serie emanaldia eskainiko du. Kontzerturako sarrerak sarean eskura daitezke.
Egitarau osoa hemen dago bildua.