Garazi Hach Embarek: “Interes ekonomikoak dira saharako arazoaren oinarria”

Garazi Hach Embarek Saharako errefuxiatu gune batean jaio zen duela 30 urte; Marokok eta Mauritaniak lurraldea okupatu eta hiru urtera. Gaur egun amaren jaioterrian, bizi da, Ormaiztegin, baina oso gertutik jarraitzen du bere beste herriaren bilakaera. Jarraitu ez ezik, sahararrek pairatzen duten zapalkuntza salatzen duen bozgorailuetako bat da Euskal Herrian.


Oñatin egin dugu hitzordua, Garazik lan egiten duen hizkuntza eskolan. Aurkezpenak eginda, aldameneko kafetegira jo dugu. Euria ari du, eta kafe bero bat hartuz egingo dugu elkarrizketa. Neska bizia da Garazi, bere zuzentasunak atentzioa eman dit. Gertutasuna transmititzen dute bere begi ilunek eta, galderak egiten hasterako, badakit gustura ariko naizela. Abantaila handia da hori.  

Noiz edo noiz telebistan agertu zara, baina nor da Garazi Hach Embarek?

30 urteko neska gazte bat, oraindik kosta egiten zait 30 ditudala sinestea ere… kar, kar. Ama euskalduna dut, Ormaiztegikoa. Aita, berriz, sahararra. Errefuxiatu kanpamentu batean jaio nintzen, eta han bizi nintzen 12 urte bete arte. Nire adineko gehienei bezala, atzerrira joateko unea iritsi zitzaidan ikasketekin jarraitu ahal izateko, Saharan, 12 urtetik aurrera, ez baitago ikasketekin jarraitzerik. Hortaz, amak, Euskal Herrira etortzea proposatu zuen. "Saharatik kanpo, non Ormaiztegin baino hobe?" esan zigun. Gainera, garai bertsuan, bake prozesua delakoa hasi zen, eta Ormaiztegin geratzea erabaki genuen egoera konpondu arte. Eta hemen jarraitzen dugu. Ingeles filologia ikasketak egin nituen, eta irakasle aritzen naiz hizkuntza eskola batean.

Topikoa izango da agian, baina, orokorrean, desertuaren horiarekin lotu ohi da Sahara. Euskal Herria, berriz, mendiarekin. Hain desberdinak izan daitezkeen bi herrialde izanik, badute zerbait komunean: autodeterminazio eskubidea ukatzen zaie biei.

Topikoa da, bai, Sahara ez delako basamortua soilik eta Euskal Herrian ere dena ez delako orlegia. Goierri aldeko mendiek, esaterako, ez dute batere zerikusirik Nafarroako Erriberarekin. Basamortuaren irudi tipikoarekin geratzen bagara, postaletako irudiekin, hala da, bai. Baina Mendebaldeko Sahara, nazioa bera, askoz gehiago da: landaretza eta animalia ugari, loreak, belar usaina… Batere zerikusirik ez kanpamentuetako hauts lehor eta zakarrarekin. Bestela, badituzte zenbait paralelismo; bi herrien askatasun grina eta borroka dira agerikoenak. Baina baita alde nabarmenak ere, askatasuna lortzearren jarraitutako bidea oso desberdina baita batean edo bestean.

Adibidez?

Alde handiena da Fronte Polisarioak ez duela ekintza armaturik egiten. Ez dakit hori ona edo txarra den, baina antolabidea bestelakoa da, oso. Gizarte mailakoa da beste alde aipagarrietako bat, Saharakoa askoz batuago dagoela, alegia. Iritzi aniztasun handia dagoen arren, denek helburu bera daukate: Sahara askea. Eta parean daukaten etsaia ere, bakarra da. Garaipenaren biharamunean sortuko dira desberdintasun gehiago, baina hemengoaren tankerakorik, ziur ezetz. Lotsagarria baita Euskal Herrian dagoen banaketa. Eta egoera aldatu beharra dago aurrera egingo bada, ezin dugu hain banatuta jarraitu.

Hortaz, jasotzen dugun informazio apurra ere topikoz josita dagoela ulertu behar da?

Hemen jasotzen den informazioa anekdotikoa da orokorrean, estereotipoz josia. Une honetan, Saharari buruz dakigun apurra, haurren udako egonaldiekin edota janari bilketekin lotzen dugu, batik bat. Baina, eta borroka politikoa? Eta gatazka? Eta eguneroko bizimodua? Eta okupatutako lurraldetakoek bizi duten egoera? Hori apenas iristen zaio jendeari. Esango nuke, tamalez, mundua ohitu egin dela hainbat gauza entzun eta ohikotzat hartzera. Palestinako irudiekin gertatu den bezala; sekulako sarraskia ikusi, eta ez da inor asaldatzen. Begira, duela urte batzutatik hona, komunikabideek bultzatzen duten sentipena da, gatazka batean odolik ez badago, hori ez dela notizia. Sahararron kasuan horrela da. Urteak eman ditugu gerran, 1991tik ustezko bake prozesu batean sartuta gaude, inoiz iristen ez den erreferendum baten zain, eta esango nuke auzia anekdota batean geratu dela: haurren udako egonaldietan eta elkartasun karabanarako ematen den atun potoan. Haserre nago, eta ez euskaldunekin soilik!

Zure ustez, zer gehiago egin dezake jendeak?

Hara, janaria bidaltzea ezinbestekoa da. Eta ez dezala inork uste esker txarrekoa naizenik. Baina zer da garrantzitsuago, behar duenari patata bat ematea, edo patata hori lantzeko bitartekoak helaraztea? Han bizi denari, eman iezazkiozu  bitartekoak askatasuna izateko eta, gero, haiek bidaliko dituzte atun latak ordainetan. Benetan ari naiz, Saharak oso kostalde zabala du, eta atuna ere, nahi beste. Bihotz oneko jende asko dago munduan laguntzen saiatzen dena, baina bakoitzak bere pentsamoldearen arabera jokatzen du. Euskal Herrian, adibidez, maiz errepikatzen den akatsa da hori, hango borroka hemengo planteamenduetatik abiatuta lagundu daitekeela pentsatzen da. Eta hori, hori akats handia da.

Orduan?

Adibide bat jarriko dizut: 250.000 lagun inguru bizi dira errefuxiatuentzako kanpamentuetan. Bi hilabete ematen dituzu, borondate onenarekin, elkartasun kanpaina bat lantzen, eta janari piloa eskuratzen duzu. Zenbat, ordea? 200 tona atun eta konpresa? Sekulako lana egin duzu egun batzuetako gosea kentzeko eta, bitartean, begira nolako giza-higadura ari den pairatzen saharar gizartea. Gainera, azkenerako, jende askok pentsatuko du: berriro sahararrak? Lehengo astean eman nuen haientzako janaria! Janaria biltzea ez da txarra, baina akats handia da guztia soilik ikuspuntu horretara mugatzea. Edozein ekimen giza-alorrera mugatzea ez da laguntza erreala, are gutxiago eraginkorra.

Politikari ugarik bat egin du saharar herriarekin. Adierazpenak egiteaz gain, mobilizazioetan ere parte hartu dute sarri. Horien babesa sumatzen al da?

Denetariko jendeak eta politikariek adierazi diote elkartasuna Saharari. Eusko Jaurlaritzan, adibidez,  Intergrupo Parlamentario Vasco izeneko talde bat dago. Alderdi guztietako politikariak aurki ditzakezu bertan, EHAKtik hasi eta PPra bitarte. Hori da Saharako egoerak kanpora begira sortzen duen kontrasteetako bat. Horrez gain, herriaren alde ez, baina gertatutakoaren aurka daude Espainiako militar asko. Kolonia zuten hura beste herrialde batzuri eskaini izana traizio politikotzat daukate militar zaharrenek. Zaharrenek diot, egun, militar gehienak soldataren truke direlako militar.

Espainiak zenbateko ardura du egungo egoeran?

Beharrezkoa da hau argi izatea: Mendebaldeko Sahara Afrikako azken kolonia da. Zergatik? Espainiak administrazioa eman zien Maroko eta Mauritaniari, baina burujabetzarik ez. Nazio Batuen Erakundearen ebazpen baten arabera, ofizialki, gauzatu gabeko dekolonizazio arazoa da gurea. Hortaz, norena da ardura, eta nork dauka konponbiderako giltza? Espainiak. Errudun nagusi bezala Maroko aurkeztea da joera nagusia, eta errudun da, baina, berez, Espainiak dauka ardurarik handiena. Baina Espainiak ez du, ez borondaterik, ez ahalmenik, Marokori aurre egiteko erabat lotuta dituelako eskuak: Zeuta eta Melilla, droga, inmigrazioa, fundamentalismoa… Hori gutxi balitz, Frantzia daukate bizkartzain lanak egiteko. Tristea da, baina zaharrenetako askok diote Francorekin hobe zeudela, hura bizi zen bitartean, marokoarrak ez zirelako ausartu esku hartzen. Franco hilzorian zegoela entregatu zieten Espainiako 54. probintzia Marokori eta Mauritaniari. Begira orain nola gauden.

Kanpotik begiratuta, ez dirudi ulertzeko erraza.

Jakina, oso konplexua da guztia, eta askori zaila egiten zaio kokatzea, eta are zailago informazio iturri nagusiak nondik datozen kontuan hartuta. Adibidez, gezurra da Marokok mendebaldeko sahararrak beren lurretatik ihes egitera behartu zituela dioen kondaira. Ez da egia! Trantsizio politikoarekin nahikoa lan zuelako alde egin zuen Espainiak Saharatik, eta hori egin aurretik, hitzarmena sinatu zuen Marokorekin eta Mauritaniarekin. Akordio horri esker, Sahara inbaditu zuten. Garai hartan, telebista guztiek Martxa Berdea delakoaren irudiekin hasten zituzten albistegiak: oinez, baketsu, Korana eskuetan zutela zihoazen marokoar zintzoen irudiak.

Besterik egon zen ala?
Ez zuten erakutsi haien atzetik armada zetorrela, parean topatzen zuen guztia suntsitzen eta jendea hiltzen. Mauritaniari dagokionez, ez zuen aski indar saharar erresistentzia mendean hartzeko, eta bake plana sinatu behar izan zuen bizpahiru urteren buruan. Maroko egin zen guztiaren jabe, baina Maroko ez dago bakarrik. Frantzia, Saudi Arabia edota Israel dauzka atzean.

Komunikabideen papera aipatu duzu. Jasotzen dugun informazioa egiaztatzeko modurik ba al dago?

Informazioaren garaian gaudenez, badago aukera. Edozein kasutan, gomendagarria da informazio ofizialaren aurrean kontrainformazioa bilatzea. Behin bi ikuspegiak jasota, orduan soilik sortu ahal izango dugulako iritzi propioa. Baina, arren, ez dezagun estatubatuarren eredua jarraitu, eta ez diezaiogun telebistak dioen guztiari men egin. Errefuxiatuen guneetan badira informazioa zabaltzeko moduak. Inork interesa izatekotan, www.arso.org eta www.poemariosahara.blogspot.com helbideak gomendatuko nizkioke. Okupatutako lurraldeetan bizi direnek, ordea, zailagoa dute han gertatzen denaren berri ematea, errepresioa izugarria baita: torturak, bortxaketak…

[Sahara herrialde musulmana denez,  ezinbestekoa iruditu zait erlijio kontuak aipatzea. 2001eko irailaren 11ko erasoen ondotik, hainbat estatu islama indarkeriarekin lotzen saiatu dira. Horrek sekulako talka eragin du mendebaldea eta ekialdearen artean, eta ez dirudi egoera berehalakoan baretuko denik].   

Erlijioak pisu handia al du Saharako gizartean?
Islamak bi korronte nagusi ditu: chiitak eta sunitak. Sahara sunita da, chiiten aldean moderatuagoa. Islama presente egon da beti, baina fundamentalismoak ez du eraginik izan. Gure gizartea nomada izan da, eta desertuko beduinoek oso bestela ulertzen dute erlijioa. Ramadan garaian joaten bazara, aterpe ematen dizunak ez du arazorik izango egunez jaten emateko. Hori ez da edonon gertatzen. Ez du zerikusirik gainerako herrialde musulmanekin, topikoak besterik ez dira, adibide batekin erraz uler daitezkeenak: europarrentzat, japoniarrak eta txinatarrak berdinak dira, ez dituzte bereizten, elkarren antzik ez izan arren. Sahararrekin gauza bera gertatzen da.

Hitz egin dezagun gazteriaz. Nola bizi dira?

Ez dute bizimodu erraza, baina, ezer baino lehen, zonaldeak banatzea komeni da, batak ez baitu zerikusirik bestearekin. 1975etik aurrera lurralde okupatuan jaiotakoek, errepresioa besterik ez dute ezagutu. Marokoarrak dira munduaren begietara, eta ezer  gutxi egin dezakete, edozer gauza esateagatik kartzelan sartzen dituztelako. Haietako asko giza eskubideen aldeko ekintzaile ezagunak dira. Duela gutxi Eucoco izeneko biltzarra izan da Espainian, saharar herriaren aldeko konferentzia europarra. Gazteak han izan dira gatazkaren berri ematen, badakiten arren, etxera itzultzerakoan, polizia zain izango dutela hegazkinetik jaitsi orduko. Hassan II.ri buruzko txisteak sarean zabaltzeagatik espetxean dagoen marokoar gaztearen kasua ezagutzen duzu? Izugarria, ezta? Marokoarrekin hori egiten badute, zer ez dute egingo sahararrekin? Eta hori, inguru hura nazioarteko begiralez eta kasko urdinez josita omen dagoenean!

Eta errefuxiatu guneetako gazteak?

Bestelakoa da egoera, Fronte Polisarioak du kontrola, eta ahalegin handia egin du hainbat aldaketa bultzatzeko.  Baina, lehengora itzuliz, zein da gazteen egoera? Gehiengoa berriro armak hartzearen alde dago, gizartearen zati handi bat bezala. Zergatik? 1991tik honako aroa gerra hotza modukoa izan da, itxaron besterik ez dugu egin. Nazio Batuen baldintza guztiak bete ditugun bitartean, Marokok nahi duen guztia egin du, eta horrela jarraitzen dugu 17 urteren ondoren, soilik hitz ederrak esanda inoiz iritsiko ez den erreferendum baten zain. Hori gutxi ez, eta ACNUR erakundeak laguntza gehiago ematea ukatu digu, munduan beste gatazka asko dagoela esanez.

Errealitate gordina benetan…

Horixe eskaintzen zaigu: Marokoren errepresiopean iraun, edo desertuko gogortasunean deserriratuta bizi. Diru zikina eta interes ekonomikoak dira arazoaren oinarria: saharar kostaldeak arrantza gune aberatsa du, fosfatoa eta beste zenbait mineral meatzeak, petrolioa, gasa… Sekulako dirutza da milioi bat biztanle baino gutxiago dituen herri batentzat. Pentsa: aske bagina, munduko errenta per capita altuenetakoa izango genuke, baliabideak eta biztanle kopuru txikia kontuan hartuta. Funtsean, hori izan zen inbasioa gauzatzeko arrazoi nagusia. Baina sahararrek askatasuna maite dute, eta ez daude amore emateko prest. Oraingo erregearen aita zenak, Hassan I.ak, okupazioaren lehen egunetan zin egin zuen hilabete baten buruan Al Aiunen izango zela, tea lasai-lasai hartzen. 30 urte baino gehiago pasatuta, ez berak, ez semeak, ez dute gure herria makurarazterik lortu.

Garaziren kuttunak



Liburua: Alamut, Vladimir Bartol-ena.
Musika: musikazalea naiz, eta estilo asko atsegin ditut. Musika beltza  entzuten ari naiz azkenaldian, Cypress Hill-en hip-hop doinuak, adibidez.
Ametsa: askatasuna zor zaienei askatasuna ematea.
Jatekoa: arraina labean erreta.
Edatekoa: te berdea, baina ondo egina.
Zure txoko maitea: desertuko dunetan eserita, ilargi beteko gau batean.Zaletasuna: bidaiatzea; normala da, jatorriz nomada den herri batekoa bainaiz.