Garazi Dominguez, Maddi Ormazabal, Odei Guirado eta Ana Jaunarenaren gradu- eta master-amaierako lanak saritu ditu Mintzolak

Ikertzaile bakoitzak 1.500 euro gordin jasoko ditu, eta irailaren 30era bitarteko epea izango du lana aurkezteko.

Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko gradu- eta master-amaierako zortzi lan saritzeko deialdia argitaratu zuen martxoan. Euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea du helburu deialdiak.

Sei eskaera aurkeztu dira deialdi honetan, gradu-amaierako lanen egitasmoak hiru, eta gainerako hirurak master-amaierako proposamenak. Epaimahaiak ondoko lau egitasmo hauek hautatu ditu: Garazi Domínguez Mezquitaren Hitz funtzional goiztiarrak. Haur euskaldun elebakarren hizkuntzaren jabekuntzaren azterketa; Maddi Ormazabal Suduperen Euskal hizkeraren erritmoa; Odei Guirado Irasuegiren Hezkuntza formalean, aisialdi-antolatua eta ludikotasuna ardatz, euskarazko hizkera informalaren ikas-irakaskuntza. Zailtasunen gainetik onura anitz; Ana Jaunarena Mendiondoren Nokaren higatzea Ortzaizen. 

Hautatutako proiektu bakoitzak 1.500 euro gordin jasoko ditu, eta egileek 2024ko irailaren 30erako entregatu beharko dute lana amaituta.