Garaño eta Goenagaren 'Loreak' filma emango dute gaur ETB1-en
Nagore Aranburu da filmeko protagonistetako bat.
Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak idatzi eta zuzendutako Loreak filma emango dute gaur ETB1 kateko Euskal Zinea saioan, gaueko 22:30etik aurrera.
Ane 40 bat urteko emakume bat da, eta ez dago bere bizitzako garairik onenean. Bere bizimodua goitik behera aldatuko da, astero-astero, etxean lore-sorta bat jasotzen hasten denean. Hasieran bere senarra izan dela pentsatuko du, baina ez da hura izan. Lore misteriotsu batzuek Lourdesen eta Tereren bizimoduak ere aldatuko dituzte. Ezezagun batek lore-sorta utziko du astero, eurentzat garrantzitsua izandako norbaiten oroimenez. Hiru emakumeren istorioa da, lore xume batzuek goitik behera astinduko dituzten hiru bizimodu. Loreek ahaztutzat zituzten sentimenduak azaleratuko dituzte.
Oroimenaren eta ahanzturaren arteko talkaren inguruko filma da. Bat-bateko heriotzaren aurrean hartu daitezkeen bi norantza, oroimenaren aldeko apustua egitea edo gertatu zena ahanztea.
Euskal aktore ezagunek parte hartu zuten Moriartitarren filmean: Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Ane Gabarain.
Euskal Herrian zein nazioartean kritika onak, aipamenak eta sariak jaso zituen 2014ko pelikula honek. Espainiako Goya sarietan pelikula onenaren sailean izendatu zuten, eta Espainiako Zinema Akademiak ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar Sarirako hautagai izendatu zuen.