Garai txarrak txaman berrientzat

Laborategian sortutako estasi eta enparauen garai honetan, gero eta gazte gehiagok jotzen du droga naturaletara. Txaman, sorgin eta azti berriak dira. Hala ere, droga naturalak arautzeko legeria, gogortzen ari da.


Gure mendietan hazten diren landare, onddo eta belarrak dira droga naturalak: hortxe daude, naturan, edonork hartu eta erabili zain. Luis Oterok, "Las plantas alucinógenas" liburuaren egileak, emandako definizioaren arabera, "droga naturalak gizakion gorputzean eta gogoan eragiten duten sustantziadun landare eta onddoak dira". Definizio horren barruan sartu ohi dira, halaber, landare horietatik ateratako zenbait produktu: morfina eta kokaina, adibide batzuk ematearren. Izan ere, berez, ezagutzen ditugun droga gehienak naturan dute jatorria. Gainera, droga horietako asko medikuntzan erabili izan dira urte luzez, eta gaur egun ere hala da.

Guk, naturan ageri diren moduan —besterik gabe edo aldakuntza-prozesu txiki baten ostean— har daitezkeen drogez jardungo dugu hemen.

Droga naturalak ez dira atzo goizeko kontua. Betidanik erabili izan dira horrelako belarrak gurean. Garai batean, gure sorginek belladonna edo belaiki —Atroppa belladonna—, muskaria —Boletus edulis—, eta asma-belarra —Datura stramonium— erabiltzen zituzten euren bilkuretan, eta gaur egun ere, asko dira belar eta onddo magikoetara jotzen duten gazteak. Eta ez dago urrutira joan beharrik horiek lortzeko, mendian, bide bazterretan, baratz inguruetan aurki daitezke.
Edabea prestatzea ere ez da zaila: gehienera infusio bat egin, eta barrura.

Jakina, hartzen ari garena ezagutzea eta dosi zehatzak ondo jakitea ezinbestekoa da horretarako. Izan ere, onddo eta belar asko oso arriskutsuak dira: belladonna, muskaria eta asma-belarra, kasu.

Euskal Herrian, landare ugari

Euskal Herrian, eta mundu osoko bazter ugaritan, gaur egun 'mongi' esaten zaion onddoa da droga naturalik hedatuena, ezagunena eta erabiliena: sorgin-zorrotza —psilocybe—, alegia. Kristautasunaren aurreko euskaldunek asko erabili zutela uste da; "Gero, baztertuz joan zen, haren ordez kristauek ekarritako beste droga natural bat gailendu zelako: ardoa, Kristoren odola", dio Oterok. Gaur egun, ordea, dezente hartzen da berriro ere, Pirinio osoan eta oro har mendian barra-barra hazten den onddo hau. Onddoak psilozibina du, barrea, ongi sentitzea eta haluzinazioak eragiten dituen substantzia.

Euskal Herrian berez hazten den beste landare bat lo-belarra da, drogarik ezagunenetako batzuen jatorria —morfina, heroina…—. Opioa, hain zuzen, lo-belarrak ebakitzean ematen duen izerdia da. Landare hau lasaigarria da, eta izenak dioen bezala, loa eragiten du. Beste erabilerarik ere badu: asko erabiltzen da apaingarri gisa! Horregatik, haziak erraz eskura daitezke.

Loa eta lasaitasuna eragiten duen beste landarea basa-letxuga da: Lactuca virosa, alegia. Landare honen esneak eragiten dituen efektuak.

Sorgin-zorrotza, lo-belarra eta basa-letxuga dira droga naturalik ezagunenak eta zaharrenak Euskal Herrian, baina badira beste batzuk, Nafarroako Erriberan hazten diren efedra —ephedra— eta asta-bortuzaia —Peganum harmala—, esaterako. Efedrak anfetaminaren antzeko eragina dauka, baina ez da hain indartsua, eta belar-speed-a esaten zaio. Asta-bortuzaiak, bestalde, haluzinazioak eragiten ditu.

Badator 'inkisizioa'

Esan bezala, droga naturalak naturan har daitezke, besterik gabe. Gainera, droga naturalekin lotutako produktu asko grow dendetan eros daitezke: kalamu haziak eta kalamua ekoizteko tresnak, San Pedro kaktus-ak —Mexikotik ekarritako landarea—, sorgin-zorrotzak landatzeko tresnak… Azken urteotan era honetako denda asko zabaldu dira Euskal Herrian —Hego Euskal Herrian soilik, Ipar Euskal Herrian debekatuta baitago hazia saltzea ere—.

Laster, ordea, horietako asko kendu beharko dituzte apalategietatik, Espainiako Gobernuak ia 200 landare motaren salmenta debekatu baitu, farmazietatik at. Agindua maiatzaren 6tik aurrera egongo da indarrean eta, grow shop-ei ez ezik, sekulako kaltea egingo die belar-dendei —hauei batez ere—. "Denetarik sartu dute zerrendan, oso landare arriskutsuak eta ia batere eragin psikoaktiborik ez dutenak. Adibidez, basa-letxuga debekatu dute. Sekula ez da inor hil basa-letxuga gaindosiaz", adierazi digu Oterok. Debekatutako landareen artean dago efedra ere.

Bestalde, lo-belarrarekin gertatzen dena bitxia da. "Kopuru txikitan ez dago legez kanpo, eta asko erabiltzen da apaingarri moduan. Supermerkatu handietan salgai dituzte haziak. Zelai oso bat landatzea beste gauza bat da", dio Oterok. Ildo horretatik, Espainia da lo-belarraren Europako ekoizle handienetakoa. Belar horretatik eratorritako morfina oso erabilia da medikuntzan.  

Europan ere neurriak hartuko dituzte

Luis Oterok argi du debekuaren helburua zein den: "Belar-denden aurka doaz erabat, farmazien mesederako".

PPk jazarpenaren jarraitzeko asmoa zuen. "PPk iragarri zuen grow shop-en, kalamuari buruzko aldizkarien eta oro har, hazi saltzaileen aurka joko zuela hauteskundeak irabaziz gero. Horrek askoren galbidea ekarriko luke. Jantziak, lurra, ongarriak eta halakoak baino ezingo lirateke saldu, eta era horretan oso denda gutxik iraungo lukete. Orain ikusi beharko PSOEk zer egiten duen".

Europan ere gauzak ez daude akelarreak antolatzen hasteko moduan. Europako Batasunak sendabelarren arautegia kaleratu behar du. Ildo horretatik, arautegia zorrotza izan ez dadin Osasun Naturalaren Defentsarako Elkartea eratu dute belar-dendek, sendagile naturistek, erabiltzaileek eta abar. Hartutako lehen neurria sona handiko abokatu talde bat kontratatzea izan da.

Sorgin-zorrotzen prestaketa



Mongi edo sorgin-zorrotzek, gutxi batzuk janda, barrea eragiten dute. Gure inguruan, normalean, horixe lortzeko erabiltzen dira. Gehixeago hartuta, haluzinazioak sor ditzake. Mexikon eta Portugalen sendatze-erritualetarako erabili ohi dute.

Gu, oraingoz, jateko aholku batzuk ematearekin konformatuko gara. Hasteko, ez da komenigarria mongi gehiegi jatea aldi batean, goragale-sentsazioa eragiten dutelako. Aurretik garbitzea komeni da, eta ondoren zuzenean jan edo infusioan presta daitezke. Batzuek fruta apur batekin batera birrintzen du jendeak. Izan ere, mongiak ehun gogorrak dauzka, eta horregatik, zuzenean janez gero, ondo martxikatu behar da. Adituek diotenez, egokiagoa da naturan jatea hirian baino.

Badakizu marihuana landatzen?


Marihuana otsailan eta martxoan landatzen da. Beraz, aurten ez baduzu egin, berandu samar zabiltza. Hala ere, ahalegina egin dezakezu oraindik.

Marihuana lortzeko, kalamu hazia zein aldaxka erein daitezke. Bigarrenak bermea ematen digu, aldaxkatik hazitako landarea ama bezalakoa da eta. Helburua kalamu emea lortzea denez —soilik kalamu emeak du  THC-a—, landare eme baten aldaxka erabiltzea aski dugu gurea ere emea izango dela ziurtatzeko. Grow shopetan saltzen dituzten hazietan, ziurtasuna ez da erabatekoa.

Landaketa kanpoan zein barruan egin daiteke. Lehendabizikoan, hazkunde-prozesua osorik eman beharko da; hau da, loreak. —Hori da guk nahi duguna— abuztu edo iraila aldean batuko ditugu. Etxe barruan eginda, arinago jaso dezakegu uzta. Bietan, landareek gauza bera behar dute: ura eta argia. Barnean landatzen baduzu, lanpara berezien bidez eman beharko diezu argia.

Loreak bildu eta gero, lehortu egin behar dira. Zenbat eta luzeago egon, orduan eta eragin handiagokoak izango dira erretzean. Lehortzean, garantzitsua da loreek argirik ez jasotzea, eta hezetasun gutxiko lekuan egotea.

Belladonna, pozoina ere baduen belarra



Belladonna edo belaikia Pirinio aldean hazten den solanazeoen familiako zuhaixka da. ”Oso ezaguna da Erdi Aroan sorgin esaten zieten emakumeek erabiltzen zutelako”, diosku Luis Oterok. Belladonnak aluzinazioak eragiten ditu eta atropina dauka, “oso dosi txiketan hilgarria den pozoina”. Hori dela eta, erabiltzen zen garaian oso arreta handiz erreparatzen zitzaion hartutako kopuruari. Gaur egun, belladonna ez da inon saltzen, eta inork hartzen duenik ere ez da ezagutzen, baina hala eta guzti ere PPk:  debekatutako belarren zerrendan sartu du, Oterok kritikatzen duenez: “Ez dute sekula inongo belardendetan saldu, baina… Debekatzearren debekatu dute”.