Garai bateko unibertsitarioak

Unibertsitate garaia iritsi da, eta urtero bezala, unibertsitateak bete egingo dira. Lerrootan bildutakoak ere unibertsitarioak izan ziren, eta euren esperientziaz mintzatu zaizkigu: parrandak, liburuen aurrean egindako ordu luzeak, piperrak…  



Julio Ibarra: "Giputxiekin ibili ohi nintzen parrandan"



Julio Ibarra 39 urteko kazetari bilbotarrak zazpi urte eman zituen Leioako campus-ean: "Bizitza oso bat", esan digu. Publizitate ikasketak egin ondoren, doktoretza egin zuen. "Gurasoekin bizi nintzen, eta askotan auto-stopez joaten nintzen". "Oso nota onak" lortu zituen. Hala ere, askotan egiten zuen piper: "Unibertsitatean bertan beti zegoen zer egin: film bat ikusi, hitzaldi batera joan, kafetegian egon…", dio. Unibertsitateko jaiak ere oso gustuko zituen. Bestalde, askotan izan zen apopilo ikasle pisuetan. Sarritan gurasoenera joan beharrean ikasle pisuetan geratu ohi zen lotara: "Giputxiekin ibili ohi nintzen parrandan. Bilbon, asko gustatzen zitzaidan Zazpi Kaleetako giroa. Bestela, Deba bailarara joaten nintzen, Arrasatera, Bergarara, Eskoriatzara... Rip, nire talde kuttunena, ikustera. Parranda asko egiten genituen, baina inoiz ez da gehiegi". Zer zen unibertsitateko gauzarik okerrena? "Azterketa garaiko estualdia eta larritasuna".    

Dora Salazar: "Unibertsitate garaian hippy samarra nintzen"



Dora Salazar 42 urteko eskultore altsasuarrak Arte Ederrak ikasi zituen Leioan. Bilbon bizi zen, ikasle pisu batean, eta hiriaz maitemindu zen; izan ere, ikasketak bukatu eta gero, bertan geratu zen bizitzen: "Bilboko giroa asko interesatzen zitzaidan. Hippy samarra nintzen. Batez ere kazetaritzan ari zen jendearekin ibili ohi nintzen", dio.  Ez zen ikasle eredugarria izan: "Azken egunetan ordu piloa egiten nituen, eta aurrera. Beti konpontzen nintzen horrela".  Hala ere, parranda gutxi egiten zuen, goiz jaiki behar zuen eta: "08.00etan hasten ginen, eta batzuetan modeloak marraztu behar genituen. Hori zen gutxien gustatzen zitzaidan ikasgaia", dio. Ikasgaiak ikasgai, ikastea ezinbestekotzat du: "Arlo intelektuala eta soziala lantzen dituzu. Hala ere, hezkuntza sistemak akatsak ditu. Bestalde, Arte Ederren kasuan lana lortzea zaila dela dirudi, baina ez da horrela".   

Jean Haritschelhar: "Ikasiz gero norbait zara eta ez zerbait"



Jean Haritschelhar angeluarra euskaltzainburua da, eta 81 urte ditu. Euskal Filologia ikasi zuen Bordeleko unibertsitatean.

Ikasle ona nintzen, adi-adi entzuten nien irakasleei, eta nota onak ateratzen nituen. Irakasle batzuk nigandik urrun zeuden, eta beste batzuk adiskide nituen. Bestalde, ikasleekin nahiko ondo konpontzen nintzen”, dio. Zintzo-zintzo aritu zen Haritschelhar ikasle garaian. Denbora alferrik galtzen ez duen  horietako bat zen.  Piperrik ez zuen egiten, izan ere, bazekien ikasteak gauza on ugari dituela: “Ikasiz gero norbait zara, eta ez zerbait. Ahal den gehiena ikasi behar da, gero bizitzaren gora-beherei erantzun ahal izateko. Gainera, unibertsitatean norbere buruaz jabetzeko aukera dago”.  Hala ere, tarteka ikasteari uzten zion. Zertarako? “Besta maite ukan dut beti. Pilota partidak jokatzera joaten nintzen, eta ondoren, parranda. Nesketan ere ibili ohi nintzen, besteak bezala”.

Pedro Miguel Etxenike: "Ohorezko 17 matrikula atera nituen"



Zaila da 54 urteko fisiko izabar honen marka gainditzea: ohorezko 17 matrikula. Eta "txuletarik" gabe!

Fisika ikasi zuen Iruñean eta Donostian, eta doktoretza Cambridge-n egin zuen: "Newton-ek eta Darwin-ek ikasi zuten leku berean". Egunero  ikasten zuen, ez denbora luzez, baina egunero: "Diziplina behar da ondo ikasteko, eta gauzak azkeneko momentura arte ez uzteko". Hala ere, bere zaletasunentzat denbora ere bazuen: "Onttoak biltzen nituen, diru pixka bat ateratzeko. Bestela, kirola egitera joaten nintzen. Gauez ateratzea eta parranda egitea ez nituen atsegin". Gutxien gustatzen zitzaizkion ikasgaiak "logika eta mekanika" ziren, eta gustukoenak "matematika eta aljebra". Garai haietako oroitzapen gozoak ditu Etxenikek: "Urte ederrak izan ziren: dibertigarria zen, eta ikasten ikasteko aukera izan genuen. Unibertsitatera bueltatuko nintzateke berriro". 

Alizia Sturtze: "Latina gorroto nuen"



Bi lizentziatura ditu 56 urteko historialari donostiarrak: Ingeles Filologia eta Historia. Bordelen eta Donostian ikasi zuen. “Nota onak atera nituen. Eztabaidarako aukera ematen ez zuten ikasgaiak gorroto nituen, esaterako, latina”. Bordelen, apartamentu batean bizi zen lagun batekin: “Erdipurdiko tokia zen, baina tira”. Bertan parranda egitea “zaila” zen. Baina saiatu eta bilatu: “Gaupasarik ez genuen egiten, baina parrandak bai, jakina”. 68ko maiatzeko istiluek bertako unibertsitatean harrapatu zuten, eta gazte ipurterrea zenez… “Unibertsitateko ekimenetan jardun genuen. Bertan, Frankismotik ihesi Frantziara joandakoen seme-alabak zeuden, eta haiekin ibili ginen”. Unibertsitatean ikasitakoaz galdetuta zera esan digu: “Unibertsitatean bizitzen ikasteko, eta iritzi kritikoa egiteko aukera izan nuen. Gainera, balore batzuk indartzeko balio izan nuen, esaterako, elkartasuna. Zoritxarrez gaur egun lehiakortasun handiagoa dago unibertsitatean”.