Galtzear dauden euskarazko esamolde ederrak
Euskaraz ohikoak izan diren, baina belaunaldi gazteek erabiltzen ez dituzten esamolde hauek ezagutzen al dituzu?
Belaunaldi bakoitzak bere garaia bizi du eta hiztunek ere garaian garaiko esamoldeak sortzen dituzte. Sorkuntza eta aldaketa gauza ederra izan daiteke, baina, tamalez, eder askoak diren esamoldeak ere galtzen dira bidean, transmisio faltagatik edo beste batzuek hartzen dutelako lekua. Hementxe dituzu gero eta gutxiago entzuten ditugun zenbait esamolde:
- Bejondeizula!
Norbait zoriontzeko edo laudatzeko erabiltzen den esapidea da. Adibidez: "Azterketa gainditu omen duzu. Bejondeizula". - Urte askoan!
Norbait aurkezten dizutenean edo lehen aldiz ezagutzen duzunean esaten dena, eta baita norbaiti urtebetetzean esaten zaiona ere. - Zaharrak berri!
Nobedaderik ez dagoenean aipatzen dena, berri edo albisterik ez dagoelako. Esamolde honen luzapena ere bada: "Zaharrak berri, gazteen amorragarri". - Estimatuta dago!
Norbaiten jarrera, egindakoa edo egiteko asmoa duena eskertzeko modua da. Adibidez: "Lasai, bidaliko dizut nik gutuna"; "Estimatuta dago!". - Argi eta garbi!
Adierazpen baten indartzaile modura erabiltzen da, zalantzari tarterik ez uzte aldera. "Argi eta garbi utzi nahi dut nik ez dudala egin". - Horrelaxe kontuak eta komeriak
Norbaiti zure bizitzaren edo inguruko gertakizunen berri ematerakoan, amaieran esan ohi dena. - Osasunarekin urratu
Norbaitek jantzi, oinetako edo bestelakoren bat estreinatzen duenean esaten zaiona. "Zapatila berriak al dira? Osasunarekin urratu!". - Leher eginda egon
Neka-neka eginda zaudenean esaten dena. "Egun guztia eman dut lanean eta leher eginda nago". - Ez atzera, ez aurrera
Fisikoki edota bestela toki edo testuinguru batean harrapatuta edo trabatuta zaudenean erabiltzen dena: "Ezkerreko bidea hartu eta auto-ilaran harrapatuta geratu nintzen, ez atzera, ez aurrera". - Izerdi patsetan
Izerdia erruz botatzen ari zarenean esaten dena: "A zer nolako beroa egiten duen! Izerdi patsetan nago". - Ez da atzo goizekoa
Zerbait aspaldikoa dela adierazteko modua: "Kantu hori ez da atzo goizekoa!". - Hobe beharrez
Norbaiten mesedetan, norbaiten onerako, esan edo egin duzula azaltzeko: "Ez zaitez haserretu, zure hobe beharrez esan dizut eta!".
Zer esamolde duzu gustukoen? Eta zer esamolde gehituko zenuke? Kontaiguzu sare sozialetan!