Galizia dator Durangoko Azokara

Hasiak gara Azoka usaina hartzen. Ugaritzen hasiak dira nobedadeak eta antolatzaileek kartela aurkeztu eta kultura gonbidatua galegoa izango dela ezagutarazi dute.



Abenduaren 4tik 8ra egingo dute aurtengo Durangoko Liburu eta Disko Azoka, 46. edizioa hain zuzen ere.

Kultura gonbidatua kultura galegoa izango dela eman dute ezagutzera antolatzaileek.Culturgal Elkartearekin jarri dira harremanetan Gerediaga Elkartekoak. Elkarte galiziarrak Galiziako kultur industriari eskainitako Azoka antolatzen du urtero, aurten abenduaren 2tik 4ra Pontevedran, eta handik bueltan Durangora ekarriko dituzte euren sorkuntza eta sortzaileak.

Aurtengo kartela ere aurkeztu dute. 28 lan aurkeztu dira lehiaketara eta Cristobal Aguilo diseinatzaile murtziarra izan da irabazlea. Duragoko Azokako bi osagai nagusiak uztartzen saiatu da kartelean: liburua eta diskoa. Binilozko diskoa oinarritzat hartuaz liburu bat irakurtzen ari den pertsonaia sortu du kartelaren elementu zentral gisa.

Oraindik tarte bat gelditzen da abendua iristeko, baina hasiak gara Azoka usaina hartzen. Liburuen aurkezpenak, taldeen lan berrien inguruko albisteak geroz eta ohikoagoak bihurtuko dira hemendik aurrera. Udazkena urtaro polita izaten da bertako nobedadeak jarraitzea gustatzen zaionarentzat.