Galdakaoko sorkuntzaren plaza ekintzaz beteko da egunotan

Azoka, antzerkia, musika, liburu aurkezpenak eta tailerrak izango dira bihartik igandera.

Sormenek, sorkuntzaren Galdakaoko plazak, udaberrirako ere hainbat ekintza antolatu ditu, eta maiatzaren 12tik 15era bildu ditu jarduera gehienak. Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzeko oinarriak jartzea du helburu ekimenak, eta baita emakumea erdigunean izatea ere.

Udaberriko egitarauaren bidez euskaraz sortzeko grina sustatu, irakatsi eta transmititu nahi dute, gaur egun euskaraz sortzen ari direnak zer eta nola sortzen ari diren erakutsita. 

Apirilaren 6an izan zen lehen jarduera, eta Formol Laborategiak tailerrak egin zituen ikasleekin, eta bihar ere saio gehiago egingo dituzte. Maiatzaren 27an borobilduko dute lanketa, euren Album antzezlana eskainiko baitiete ikasleei eguerdian. Arratsaldeko zortzietan, berriz, publiko ororentzat egingo dute emanaldia. 

Aste honi dagokionez, berriz, hainbat ekintza antolatu dituzte. Bihar, hilak 12, Metrokoadroka konpainiaren Bidaide antzezlana izango da Kurtzeko karpan, 20:00etan. Ostiralean, goizez, musika tailerrak egingo dituzte ikastetxeetan Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvadorrek, #Mauriziakezdauinorhil proiektuaren harira, eta ikuskizuna eskainiko dute gaueko bederatzietan. Arratsaldean, 18:00etatik 20:30era, disko berriak aurkeztuko dituzte.

Larunbatean, 11:00etatik 14.30era eta 17:00etatik 20:30era, Kultur Sorkuntzen Azoka egingo dute Gandasegiko aterpean. Liburu berriak aurkeztuko dituzte eguerdi aldera, 12:00etatik 14:00etara, eta disko berriak arratsaldean hasita, 18:00etatik 22:00etara, karpan. 

Azkenik, igandean, azoka irekita egongo da goizez, ordutegi berean, eta liburuen aurkezpenak egingo dituzte karpan, 11:30etik 13:30era. 

Udazkenean berriz bueltan izango direla iragarri dute antolatzaileek.