Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'The Studio'

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkeneko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.

‘THE STUDIO’
⭐⭐⭐⭐ (4/5)
Seth Rogen
10 atal / Apple TV+

The Studio oturuntza izango da Hollywoodeko B aldean usnaka aritzea gustatzen zaienentzat. Matt Remick (Seth Rogen) zinemazale amorratua da protagonista nagusia. Patty (Catherine O’Hara), Continental Studios estudioen zuzendaria, kaleratu egin dute, eta Remick proposatuko dute kargua hartzeko; handik aurrera zinema industriaren desafio eta zentzugabekeriei aurre egin beharko die. Industriari egiten zaion kritika umoretsua izateaz gain, zinemarekiko maitasuna jariatzen duen proposamena da, eta osagai teknikoetan antzematen da hori; sitcom edo egoera-komedia tankera badu ere, eszenaratzea eta erabiltzen duen hizkuntza zinematografikoa oso aberatsak dira. Komedia entretenigarri eta gogoetatsuak, talentu handiko aktoreek eta narratiba adimentsuak lagunduta, begirada umoretsu eta kritikoa eskaintzen die industria zinematografikoaren zirrikituei.

Onena: Goxokia dela zinemazaleentzat.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizkizu: Extras (Ricky Gervais, 2005) eta Entourage (Doug Ellin, 2004-2011).