Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'THE REHEARSAL'

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkeneko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.

Honako egoera irudikatu: lagun bati albiste desatsegin bat emateko zorian zaude, baina ez duzu zeure burua prest ikusten. Urduri eta zalantzati zaude, ezin dituzulako elkarrizketa horren ondorioak iragarri. The Rehearsal telesailak errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak erabat lausotzen ditu, eta halako egoerei aurre egin behar dieten benetako pertsonak ditu protagonista. Saioaren tonua oso bitxia da, planteatzen diren egoerak maiz serioak diren arren, oso umore deserosoa duelako helduleku nagusi. Telesailaren alderdirik liluragarriena ez da gertatuko dena, baizik eta gertatzen denak nola behartuko duen ikuslea saiakeraren beraren helburua zalantzan jartzera: zenbateraino kontrola daitezke ekintza jakin batzuen ondorioak? Liluragarria bezain zentzugabea da.

Onena: Ezin dela beste ezerekin alderatu.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizkizu: How To with John Wilson (John Wilson, 2020) eta Jury Duty (Lee Eisenberg, 2023).