Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'The Lowdown'

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.

‘THE LOWDOWN’
⭐⭐⭐⭐ (4/5)
Macon Blair
8 atal
Disney +

Liburu denda txiki baten jabe den Lee Raybonek (Ethan Hawke) bere eguneroko bizimodua alde batera utzi eta ikerketa-kazetaritzan murgiltzea erabakiko du. Hiriaren sekretu ilunak azaleratzea izango du helburu, tokiko botere-egituretan sustraitutako ustelkeria agerian uzteko asmoz. Telesaila erakargarri bihurtzen duen elementuetako bat Lee Raybon pertsonaia eta Ethan Hawkeren interpretazioa da. Protagonista ez da detektibe klasiko bat, baizik eta kazetari obsesibo xelebrea. Idealismoaren eta auto-engainuaren arteko oreka ezegonkorrean mugitzen da, egia bilatzeko grinak bultzatua, baina bere mugen eta kontraesanen jakitun ez dena. Zinema beltzaren eta pulp literaturaren eraginak etengabe ageri dira telesailean. Oso proposamen berezia da; neo-noir generoa umorearekin eta gizatasunarekin uztartzen duen telesaila, Ethan Hawkeren antzezpen sendoak eta ikuspegi estetiko bereizgarri batek sendo babestua.

Onena: Ethan Hawke.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizkizu: Coen anaien filmak edota thriller poliziakoak.