Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'Se tiene que morir mucha gente'
Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.
‘SE TIENE QUE MORIR MUCHA GENTE’
⭐⭐⭐⭐(4/5)
Victoria Martín, Sandra Romero
6 atal
Movistar
Barbara, Maca eta Elena dira protagonistak. Eta, zeharka bada ere, baita Sofia Oterok gorpuzten duen Barbaren haurtzaroko alegiazko bertsioa ere. Hiru lagunak elkarrekin ibili ziren eskolan, eta hogei urte geroago ere adiskide izaten jarraitzen dute. Barbara erabat frustratuta dago bere lanarekin; depresioa duela dio, eta bentzodiazepinekiko mendekotasuna du. Macarekin bizi da, eta aktore izan nahi duen arren, zerbitzari lanetan aritzen da. Elena, berriz, haurdun dago eta 60 urteko gizon aberats batekin ezkonduta dago, baina ez dirudi oso zoriontsua denik. Barbararen krisi pertsonalak dena hankaz gora jarriko du. Telesailak emakumeen arteko adiskidetasunaren inguruan eraikitako irudi gozo eta idealizatuak hausten ditu. Hemen ez dago ahizpatasun perfekturik, ezta irakaspen moralik ere. Emozionalki akituta dagoen belaunaldi baten erretratu deserosoa egiten du: prekarietatearen, indibidualismoaren eta maitatua sentitzeko beharraren artean harrapatuta bizi den belaunaldiarena.
Onena: Aktoreak.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Furia (Félix Sabroso, 2025).