Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Resurrection'
Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.
'RESURRECTION’
⭐⭐⭐⭐(4/5)
Bi Gan
160 minutu
Filmin eta Movistar +
Zinema aretoaren ilunpean nahi eta nahi ez sentitu behar den esperientzia da: luzea, tarteka astuna, baina aldi berean hipnotikoa, mamitsua, harrigarria eta, batez ere, sailkaezina. Irudiek eta soinuek ihes egiten dute pantailatik. Bi Ganek zuzenean begiratzen dio ikusleari, besaulkian dagoen horri, eta ametsaren hizkuntzan hitz egiten dio, irudien artean flotatzen duen ahots baten moduan. Modu oniriko eta surrealistan erakusten digu zinemak mundua nola moldatu duen. Edo, agian, mundua bera zinemaren bidez nola asmatu dugun. Zinemaren historiari idatzitako maitasun-gutuna da. Kontakizuna zatika eraikia dago, ispilu hautsi baten moduan. Atal bakoitzak bere forma, bere arnasa, bere kolorea du; eta bakoitzak zinemaren aro jakin baten arrastoa darama. Hasieran, zaila da erritmo horretan sartzea, hari narratibo lausoa jarraitzea; pisutsua egiten da, deserosoa. Baina behin barrura sartuta, filmak ez zaitu
askatzen.
Onena: Azken bi atalak.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Ez du parekorik.