Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'Pluribus'
Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.
‘PLURIBUS’
⭐⭐⭐⭐ ⭐ (5/5)
Vince Gilligan
9 atal
Apple Tv+
Vince Gilligan, Rhea Seehorn eta Albuquerque. Hiru izen horiek nahikoa dira Breaking Bad edo Better Call Saul zaleen arreta pizteko. Pluribus da Gilliganen telesail berria, eta izen horiek berriro protagonismoa hartuko dute. Laborategi batean birus ezezagun baten esperimentuak egiten ari dira, baina zerbait gaizki aterako da: birusak ihes egingo du eta munduan zehar hedatzen hasiko da; pertsona guztiak alai, adeitsu eta lagunkoi bihurtuko ditu, eta munduan bakea nagusituko da. Baina ez du eragin bera izango guztiengan: batzuk hil egingo dira, eta beste batzuek immunitate osoa izango dute, tartean telesaileko protagonista den Carolek (Rhea Seehorn). Gilligan guztiz berria den eremuan murgiltzen bada ere, Pluribus-ek sortzailearen ukitu berezia gordetzen du: erritmo narratiboaren dohain paregabea, atal borobil eta koherenteak ehuntzeko abilezia, eszenaratze zaindua eta kolore-paleta adierazkorra, sinbolismoz beteriko planoekin uztartuta. Urteko telesaila da.
Onena: Guztia, baina bereziki Rhea Seehorn.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizkizu: Breaking Bad eta Better Call Saul.