Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'It: Welcome to Derry'

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.

‘IT: WELCOME TO DERRY’
⭐⭐⭐
(3/5)
Jason Fuchs
8 atal
HBO Max

Istorioa 60ko hamarkadan girotzen da eta Pennywise pailazoaren jatorria azaltzen du. Haur batzuen desagerpenek Derry herri txikiaren lasaitasuna hankaz gora jarriko dute, eta gero eta kezkagarriagoak diren ezbeharrak gertatzen hasiko dira. Telesailak arrazakeriari, indarkeria instituzionalari eta Amerikaren bihotzean eguneroko bizitzaren itzalean ezkutatzen den izuari eskaintzen dion begirada oso interesgarria da. Perfektua dirudien baina zerbait ezkutatzen duen herriaren konposaketak bikain funtzionatzen du. Lehen atalek zirrara handia eragiten dute, izualdi une indartsuak eskaintzen dituzte, eta kokalekuak trebeki aprobetxatzen dira tentsioa sortzeko. Baina hortik aurrera, arrasto gazi-gozoa uzten du. Sotiltasun apur bat falta zaio; efektu digital gehiegi erabiltzen dira, eta egitura narratiboan gabeziak nabari dira. Hala ere, bere osotasunean, oso lan interesgarria da. Stephen Kingen unibertsoaren eta beldurraren jarraitzaileek bereziki gozatuko dute.

Onena: Giroa.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Stephen Kingen eleberrietan oinarrituriko edozein film.