Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'Invisible'
Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkeneko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.
‘INVISIBLE’ ⭐⭐ (2/5)
Paco Caballero
6 atal
Disney+
Eloy Moreno idazlearen liburuan oinarritutako Invisible telesailak Capi izeneko nerabearen istorioa azalduko du. Kontakizun gogor eta sentikorra da eta gure gizarteko arazo larri bati helduko dio: eskola-jazarpena. Ikus-entzunezkoak erreminta boteretsuak dira gizartean dauden arazoak agerian uzteko, baina mezuak zorroztasunez zabaltzea da gakoa, sotiltasunez; edozein modutara egin eta ikusleari diskurtso moralistak etengabe jaurtiz gero, mezuek indarra galtzeko arriskua dute. Serie honek salatzen duena premiazkoa da, baina zenbait unetan “pornografia emozionala” deritzonetik gertuegi kokatzen da; malko erraza eragiteko asmoz sortuak diren eszena batzuk nahiko funsgabeak dira. Alde on eta txarrak dituen ekoizpena izan arren, jorratzen duen gaia hain garrantzitsua da, ezen irmoki gomendatzen dudan.
Onena: Gaia.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizkizu: 13 Reasons Why (2017, Brian Yorkey) eta Wonder (2017, Stephen Chbosky).