Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'Alien: Earth'
Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.
‘ALIEN: EARTH’
⭐⭐⭐⭐ (4/5)
Noah Hawley
5 atal
Disney
Alien-en unibertso zinematografikoan, orain arte, zazpi film nagusi egin dira; Predator-ekin eginiko crossover-ak kontuan hartuz gero, bederatzi guztira. Orain, zerrenda horri Alien: Earth gehitu behar zaio: telesail formatua du, eta 1979ko Alien filmaren gertaerak baino bi urte lehenago garatzen den prekuela bat da. Telesailak etorkizuneko Lur bat irudikatzen du, non korporazio teknologiko boteretsuek nagusitasuna duten; horien artean, Prodigy nabarmentzen da. Boy Kavalier, zuzendari nagusia, hilezkortasunarekin obsesionatuta dago eta esperimentu aurreratuen gidaria da. Haur gaixoen kontzientziak gorputz sintetikoetara transferitzeko prozesuak egiten ditu. Egoera are korapilatsuagoa bihurtzen da Weyland-Yutani enpresaren estralurtar espazio-ontzi batek Lurra jotzen duenean. Istorioaren erdigunean Wendy dago, kontzientzia gorputz hibrido batera transferitzen zaion neska gaztea. Drama, beldurra eta zientziafikzioa modu zorrotzean uztarturik, telesailak identitatea, gizatasuna eta etika esploratzen ditu.
Onena: Giropen lana.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Alien sagako edozein pelikula.