Gaizka Izagirreren gomendioa: 'Furia'

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.

‘FURIA’
⭐⭐⭐⭐ (4/5)

Félix Sabroso
8 atal
HBO Max

Bost emakumek osatzen dute Furia telesailaren bizkarrezurra. Bostak meditazio talde batean elkartuko dira eta laster askatuko dute barruan daramatena; muturreko egoeren aurrean, edozertarako prest agertuko dira. Pertsonaia horietako bakoitzari, gutxienez, kapitulu bat eskaintzen zaio, eta istorio bakoitza amorru-eztanda gogoangarri batekin amaitzen da. Narrazio guztiak gurutzatu eta elkartu egiten dira; mendeku-istorio labur horien egiturak Relatos salvajes film argentinarra ekarri dit gogora. Pertsonaia horiek dira telesailaren oinarria, eta haietatik jaiotzen diren egoerak bortitzak dira, baina, aldi berean, oso dibertigarriak. Kolore biziek, angelu handiekin grabatutako planoek eta, oro har, ukitu barrokoa duen eszenaratzeak nortasun handiz aberasten dute Félix Sabrosok sortutako unibertso berezia. Aitor Etxebarriaren soinu banda bikainak irudiak sotilki zipriztintzen ditu, eta Carlos Cebriánen argazkilaritza-lanak ukitu oso berezia eransten dio narrazioari.

Onena: Pertsonaiak eta aktoreak, bereziki Candela Peña.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Relatos salvajes (Damián Szifrón, 2014).