Gaizka Izagirreren gomendioa: 'Asterix eta Obelix: Buruzagien borroka'

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.

‘ASTERIX ETA OBELIX: BURUZAGIEN BORROKA’
(3/5)
Alain Chabat, Fabrice O. Joubert
5 atal
Netflix

Hiru dimentsioko animaziozko saioa da, ordu erdiko bost atalez osatua dago eta euskaraz bikoiztua estreinatu da. Abrarakurzixen eta ondoko herrixkako buruzagiaren arteko duelu bat da istorioaren ardatza. Erromatarren konplot landu batek piztu du duelua, galiarren erresistentzia ahultzeko. Panoramix druidak, bestalde, memoria galdu du istripu baten ondorioz eta edabe magikoaren osagaiak ahaztu ditu. Telesailak Asterix eta Obelixen unibertsoaren izpiritu lotsagabe, komiko eta satirikoa berreskuratu ditu, eta gainera, ukitu fresko eta berezia erantsi dio. Sagaren ohiko ezaugarriak ditu –satira, izen xelebreak, egoera barregarriak…–, baina gaur egungo pop kulturako erreferentzia txikiak ere baditu. Erabiltzen den animazioa ez da oso berritzailea, sarritan ikusitako 3D nahiko tradizionala erabiltzen da, baina ezin da ukatu izaera handikoa dela eta zenbait unetan 60ko eta 70eko hamarkadetako komikiak ekartzen dituela gogora.

Onena: Euskaraz bikoiztua ikus daitekeela.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Asterix eta Obelixen edozein film edo telesail.