Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Project Hail Mary'
Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.
‘PROJECT HAIL MARY’
⭐⭐⭐⭐(4/5)
Phil Lord, Christopher Miller
156 minutu
Prime Video
Lehen minutuek berehala harrapatzen zaituzte, baina hasierako ezustekoa gaindituta, lurra salbatuko duen heroi yankiaren inguruko film tipikoa dela pentsa genezake. Badu hortik zerbait, baina tonua moldatzean agertzen da bere xarma: Pixarren pelikulen kutsu bero eta gizatiarra, eta Steven Spielbergen abentura klasikoen oihartzuna uztartzen dira. Aspaldiko abentura eta zientzia-fikziozko filmek zuten esentzia arnasten da. Zientzia-fikzio baikorra, umorea eta emozioa uztartzen dituen sorpresa atsegina da. Ryland Grace (Ryan Gosling), zientzia irakaslea, ia nahi gabe, espaziora bidaliko dute. Bere misioa Tau Ceti sistemara bidaiatzea da; eguzkia apurka itzaltzen ari da, birus moduko batek eraginda. Akatsak ditu —batez ere gidoian eta zenbait egoeraren sinesgarritasunean—, baina film ederra eta oso berezia da.
Onena: Tonua.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizkizu: E. T. (Steven Spielberg, 1982) eta Interstellar (C. Nolan, 2014).