Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Pizza Movies'

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.

‘PIZZA MOVIES’
⭐⭐⭐⭐(4/5)
Carlo Padial
95 minutu

Pizzeria bat martxan jartzeko prozesua film bat egiteak suposatzen duenaren metafora bilakatzen da Carlo Padialen Pizza Movies filmean. Zinema-kritikari batek, sektorearen nekea gainetik kendu nahian, lana utzi eta bikotekidearekin batera zinemari eskainitako pizzeria tematiko bat irekitzen saiatuko da. Ez dute dirurik, ez dakite negozioaz ezer, baina badute gaur egun ia desagertuta dagoela dirudien zerbait: ilusioa. Komedia erromantikoaren, slapstick kutsuko umore fisikoaren eta absurdoaren kodeez elikatzen den film berezi, xume eta zuzena da. Diskurtso zinemazalearen solemnitateari barre egiten dio, zinemarekiko maitasun zintzo bati uko egin gabe. Baliteke filmak erretratatzen duen ekosistematik kanpo dauden ikusleak txiste edo keinu guztiak ez harrapatzea, baina ez du axola. Pizza Movies ez da erreferentzien bilduma bat, porrot txikien, ilusio xelebreen eta elkarrekin zerbait eraikitzeko beharraren aldeko film bero eta gizatiarra baizik.

Onena: Judit Martín.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Be Kind Rewind (Michel Gondry, 2008).