Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Las corrientes'

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.

‘LAS CORRIENTES’
⭐⭐⭐⭐(4/5)
Milagros Mumenthaler
104 minutu

Milagros Mumenthalerrek esperientzia sentsorial eta emozional berezi bat ehuntzen du filmean. Lan zorrotza eta introspektiboa da, arreta eta inplikazioa eskatzen dituena. Lina, diseinatzaile argentinarra, da filmeko protagonista. Suitzan aitorpen profesional garrantzitsu bat jaso ondoren, ustekabeko ekintza batek bere bizitzaren norabidea astinduko du. Keinu horrek markatuko du Buenos Airesera itzultzean garatuko den barne-krisiaren hasiera. Filmaren forma bera da indargune handietako bat. Argazkiak edertasun sotilez beteriko irudiak sortzen ditu, ia ukitu daitezkeenak; muntaiak, berriz, narrazioa zatitu eta desorientazio sentsazio fin baina iraunkorra eragiten du. Ez da lehen kolpean liluratzen duen film horietakoa. Amaitzen denean hasten da bere benetako bidea egiten: irudiak, isiluneak eta erantzunik gabeko galderak oroimenean geratzen dira.

Onena: Duen atmosfera berezia.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: La idea de un lago (Milagros Mumenthaler, 2016).