Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'La buena letra'

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.

‘LA BUENA LETRA’ 
⭐⭐⭐⭐
(4/5)
Celia Rico Clavellino
110 minutu
Movistar + 

Pelikula Valentziako herri batean girotuta dago, gerraostean, non Ana (Loreto Mauleon) familiarekin aurrera ateratzen saiatuko den, baina hori ez da erraza izango; izan ere, bai Tomas bere senarrari eta bai Antonio koinatuari kosta egingo zaie lana aurkitzea. Gerra zibilak zauri sakona ireki du familiako kide guztiengan. Zuzendariak klixe historikoak saihestu eta garaiko egunerokoan eta, batez ere, pertsonaietan zentratzen den narratiba intimoa sortu du. Eszenaratze neurritsua eta plano konposaketa minimalista du, baina kontakizunak eskatzen duen neurrikoa. Isiltasunaren eta eguneroko errutinaren bidez emakumeen erresistentzia erretratatzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da filma. Isiltasun horietan ikusleak bete beharreko hutsune interesgarri ugari uzten ditu gidoiak: ezer ez da murtxikatua ematen, sotiltasun narratiboa eta bisuala da nagusi une oro. Protagonistak garai zailetan bere familiak sostengatu zituzten emakume ikusezin eta anonimoak irudikatzen ditu. Loreto Mauleon aktoreak lan itzela egin du protagonistaren rola jokatzen.

Onena: Loreto Mauleon.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: La trinchera infinita (Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga, 2019).