Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Faisaien irla'

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.

‘FAISAIEN IRLA’
⭐⭐⭐ (3/5)
Asier Urbieta
98 minutu
Movistar +

Faisaien Irla (Bidasoa ibaia) munduko kondominio txikiena da, eta burujabetza partekatua du. Urte erdia Espainiako Estatuari dagokio, eta beste erdia Frantziari. Uharte parean paseatzen ari direla, Laidak (Jone Laspiur) eta Sambouk (Sambou Diaby) bi pertsona ikusiko dituzte ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk geroago, hilotz bat agertuko da irlan. Norbanakoaren erantzukizuna jartzen du eztabaidaren erdigunean: protagonisten arteko dualtasunak besteen sufrimenduaren aurrean dugun jarrerari buruzko galdera deserosoak sortzen ditu. Ikuspegi pausatu eta kontenplatiboaren aldeko hautua egin du Asier Urbietak, eta narratiba, isiltasunen, begiraden eta tentsioz beteriko atmosferaren bidez eraiki du. Egia da zenbait unetan gidoia apur bat sakabanatu egiten dela eta zehaztapen edo sakontasun apur bat falta zaiola, baina txalotzeko moduko debuta egin du Urbietak. Muga fisikoei zein moralei buruzko hausnarketa oso interesgarria da.

Onena: Jorratzen duen gaia eta atmosfera.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Bidasoa 2018-2023 (Fermin Muguruza, 2023).