Gaizka Izagirreren film gomendioa: ' A complete unknown'
Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkeneko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.
‘A COMPLETE UNKNOWN’
⭐⭐⭐⭐(4/5)
James Mangold
141 minutu/ Prime Video
60ko hamarkadan eta New Yorken girotua, Bob Dylan-en igoera azkarrari buruzko istorioa azaltzen du. Narrazioaren itxiera Newport Folk Festival jaialdian gertatzen da, inflexio-puntu garrantzitsua izan baitzen bere ibilbidean. Dylanen rola Timothée Chalamet aktoreak jokatu du eta sekulako lana egin du; zur eta lur utziko zaitu. Musikariak Peter Seeger-en laguntza izan zuen bere ibilbidean, eta pertsonaia horren presentzia nabarmena da filmean: Edward Norton aktoreak bikain gorpuztu du. Joan Baez edota Woody Guthrie musikari ezagunak ere ageri dira. Dylan sakonki ezagutzen dutenek, beharbada, informazioa falta den sentipena izango dute: filmaren hasieran, hari buruz oso gutxi jakin arren, oso testuinguru jakinean sartzen gaituelako zuzenean. Lan sendo eta hunkigarria da. Generoa iraultzen ez duen arren, sentiberatasunez jasotzen du bere burua definitu nahi izan duen artistaren esentzia.
Onena: Timothée Chalamet.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Walk the Line (James Mangold, 2005).