Gaizka Izagirreren film gomendioa: ‘The Phoenician Scheme’

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.

‘THE PHOENICIAN SCHEME’
⭐⭐⭐ (3/5)
Wes Anderson
101 minutu
Prime Video

Wes Anderson ezagutzen duzuenok jakingo duzue haren film bat ikustera zoaztenean zer topatuko duzuen: konposizio simetrikoak, kolore-sorta zainduak, dekoratuak diruditen agertokiak, artifizialtasun ukitua, pertsonaia eszentrikoak, elkarrizketa lehor eta ironikoak, kapituluetan banatutako egitura eta abar. The Phoenician Scheme film berrian hori guztia izango duzue, baina iruditzen zait Andersoni –narratiboki– zerbait gehiago eskatzeko unea iritsi dela, azken lanetan gehiegi errepikatzen ari den sentipena sortzen baitu. Andersonen estilo bisual bereizgarria eta satira politikoaren eta drama familiarraren arteko narrazio fina uztartzen ditu filmak, eta aipatu dudan moduan, haren zinemak jariatzen duen izaerari leialtasun osoz eusten dio. Ez da haren lanik onena, baina Wes Andersonen pareko zinemagile gehiago egongo balira, zinemaren mundua kolore eta soinuz beteriko lorategi zabalagoa eta biziagoa izango litzateke.

Onena: Alderdi bisuala.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Wes Andersonen edozein film.