Gaixotasun arraroak dituzten haurren aldeko gala benefikoa egingo dute Tolosan
Gure Nahia Elkartasuna Gipuzkoako gaixotasun arraroak dituzten haurren aldeko elkartea da. Irabazi asmorik gabeko ekimen soziala da, eta Nahia de Cos izeneko haurraren beharrei erantzun bat emateko asmoz sortu zuten urte hasieran; izan ere, neskatoak batten gaitza du. Guraso eta profesional taldetik haratago, herritarrengana iritsi eta jendartearen kontzientzia pizteko asmoz, gala benefikoa antolatuko dute Tolosako Leidor aretoan azaroaren 9an, eta besteren artean, Oreka TX eta Gontzal Mendibil izango dira bertan.
Gipuzkoan, gainerako lurraldeetan bezalaxe, badira gaitz arraroak dituzten haurrentzako eta haien familientzako babesa eskaintzen duten erakundeak. Horiek, baina, testuinguru jakinetara mugatu ohi dira, eta beren lana ezinbestekoa eta txukuna den arren, kanpora irten eta gizartearekin elkarlanean aritzeko beharra ikusi dute gaixotasun arraroak gertutik bizi dituzten familiek.
Hala, 2012 urte hasieran Gure Nahia Elkartasuna elkartea sortzeko lehen urratsak eman zituzten batten gaitza duen haur donostiarraren gurasoek, eta bildutako boluntario eta profesionalen laguntzaz, pixkanaka forma hartzen joan da elkartea.
Babesaz gain
Argi dago, lehen unean, babesa dela gaitz arraroak bizi dituzten haurren eta familien behar nagusia, baina hortik abiatuta, haurren bizi kalitatea bermatzea, informazioa eskura jartzea eta terapiak jasotzeko erraztasunak ematea dira elkartearen helburu nagusiak.
Horregatik, elkarte moduan indarrak hartu eta herritarrengana iristeko, gala benefikoa egingo dute azaroaren 9an, eta abendurako ere beste ekitaldi bat egitekotan dira. Animatu, hurbildu eta egin zure ekarpentxoa!
Gala Benefikoa
Azaroaren 9an, Tolosako Leidor aretoan, musika eta giro ona nagusituko dira. Iluntzeko 20:00etatik aurrera, Oreka TX, Xabi San Sebastian, Gontzal Mendibil, Kauta taldeko Mikel Moreno abeslaria, Ibon Koteron eta Iñigo Muguruzaren azken proiektua, Lurra, igoko dira taula gainera.
Galaren bidez lortutako irabaziak Nahia de Cos haurrari Txinako Wu klinikan egingo dioten ikerketa finantzatzeko baliatuko dituzte