'Gailurretan izan gaitun' erakusketa zabalduko dute gaur Donostiako Okendo kultur etxean

Emakume mendizale eta eskalatzaile aitzindarien inguruko erakusketa maiatzaren 10era arte bisitatu ahal izango da.

Gipuzkoako Mendizale Federazioak, Kirol Etxeak, Club Vasco de Camping elkarteak eta Donostia Kulturak Gailurretan izan gaitun (Mendizale, alpinista eta eskalatzaile aitzindariak, 1924-2024) erakusketa antolatu dute. Gaur izango da erakusketaren irekiera, 19:30ean, Okendo Kultur Etxeko areto zaharrean. Zuzeneko musika izango da, gainera, Iñaki Miguel piano-jotzaileak emanaldia eskainiko baitu.

Erakusketan mendizale, alpinista eta eskalatzaile aitzindariak ezagutzeko parada izango da. Euskal-Nafar Alpinismo Federazioa Elgetan sortu zen 1924an, Parisko Olinpiar Jokoen urte berean; joko horietan parte hartu zuen Lilí Álvarez (1905-1998) eskiatzaile, alpinista eta tenislariak. Aurten ehun urte bete dira emakumeek laguntzaile gisa parte hartu zuten mugarri hartatik. "Tontor batzuk Frantziako, Erresuma Batuko eta Ipar Amerikako mendizale aitzindariek zulatuak zituzten. Mendiko kristalezko sabaia apurtzea oso lotuta dago ehun urte baino gehiagoz emakumeen boto-eskubidearen eta hezkuntza-eskubidearen alde feminismoaren lehen olatuan borrokatu ziren emakumeekin", azaldu dute antolatzaileek.

Erakusketa maiatzaren 10era arte egongo da zabalik astelehenetik larunbatera, goizez eta arratsaldez. Igande eta jaiegunetan itxita egongo da.

Hitzaldia apirilaren 25ean
Ana Diez de Urek Gailurretan izan gaitun izeneko hitzaldia emango du apirilaren 25ean, 19:00etan, Okendo kultur etxeko areto nagusian, gaztelaniaz. Bera da erakusketaren komisarioa eta saio honetan ehun urteko ibilbidea egingo du, "emakumeek kristalezko sabaia mendian ere noiz, nola eta nortzuk puskatu zuten azaltzeko."