Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketara aurkezteko epea zabaldu dute

Parte-hartzaileek 3.500 euroko saria eta 1.750 euroko bi akzesit eskuratu ahal izango dituzte lehiaketaren modalitate bakoitzean.

Bilboko Udalak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XLedizioa jarri du martxan. Lehiaketaren helburua literatur sorkuntza sustatzea eta euskarazko autore garrantzitsuenetako baten bizitza eta lana ezagutarazten laguntzea da.

18 urtetik gorakoek parte har dezakete lehiaketan, eta, aurreko edizioetan bezala, euskara eta gaztelaniazko ipuinak bidali ahal izango dira. Aurkezten diren ipuinek gai askea izango dute, eta lanak originalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batean saritu gabeak izan beharko dira. Gehienezko luzera hamabost orrialdekoa izango da. 

Lanak aurkezteko epea martxoaren 30ean, ostegunean, itxiko da. Modalitate bakoitzean 3.500 euroko saria eta 1.750 euroko bi akzesit izango dira. Oinarriak  www.bilbao.eus/arestilehiaketa webgunean kontsulta daitezke.

Iazko edizioan Saioa Alkaizak irabazi zuen euskarazko modalitatean, Zilborrestea ipuinarekin. Akzesitak, berriz, Maite Arruti Arakistainentzat, Zer kontatzen ari zara? lanagatik, eta Aritz Mutiozabal Zabalarentzat, Harria lanagatik, izan ziren.