Gabonetan, adoptatu aiton-amon bat
Bakardadearen aurkako proiektua jarri dute martxan Espainiar Estatuan.
Bakardadea gaitz larria da, batez ere adinekoen artean. Espainiar Estatuan bakarrik, 65 urtetik gorako bi milioi lagun bakarrik bizi dira; hori gutxi balitz, erresidentzietan dauden 144.000 lagunek ez dute inoren bisitarik jasotzen. Bakardadeak zuzeneko lotura dauka depresioarekin eta heriotza goiztiarrarekin; konponbidea? Bakardade hori jasaten dutenekin konektatzea.
Hala, ideia bitxia izan du Alberto Cabanesek; erresidentzietan bizi diren eta bisitarik jasotzen ez duten aiton-amon horien bakardadea arintzeko helburuarekin app bat sortu du, "Aiton-amon bat adoptatu" izenekoa. App honen bitartez, bakarrik dauden aiton-amon horiek app-a deskargatzen duten gazteekin kontaktuan jarri daitezke. Bi modutan lotzen dira harreman horiek; alde batetik, bisitak epe luzean egin ditzakete, edo nahiago badute noizbehinka, bakoitzaren inplikazio mailaren arabera.
App honek 9 euro balio ditu hilabetean, baina aiton-amonek ez dute ezer ordaintzen, bisitatzera doanak baizik; Cabanesen esanetan, adinekoek eskaini dezaketen jakinduria, istorioak eta konpainia ona ordaintzen dute erabiltzaileek.
Noski, pandemia garaietara egokitu behar izan du app honek, asko baitira une honetan bisitak onartzen ez dituzten erresidentziak; honen aurrean, app-ak aukera berri bat garatu du, adinekoekin telefonoz hitz egiteko aukera eskaintzen duena. Guretzat minutu gutxi batzuk direna, haientzat mundu osoa izan daitekeelako.