Gabonetako saskiak Zuberoako ikastolen alde
Hiru saskiren artean aukera daiteke eta azaroaren 28ra bitarte egin daitezke eskaerak.
Zuberoako Alozeko ikastolak eta Eperra ikastolak gabonetako saskien kanpaina jarri dute martxan azaroaren 28ra bitartean. Kanpaina honen helburua Zuberoako ikastolak lagundu eta bertako ekoizpenak ezagutarazi eta dastaraztea da. Hala azaldu dute kanpainaren sustatzaileek: "Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskara hizkuntza gutxiagotua da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, Ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen".
Hiru saski mota dituzte salgai: Ahuzki, Irati eta Orhi. Saski bakoitzak produktu jakinak ditu, ekoizpenaren arabera alda daitezkeenak. Otarreak bi ikastoletan dauden ekoizle txikiei esker osatu dituzte, ikastolako guraso edo guraso ohiak direnak. Saskiak Ikaskoliren webgunean eros daitezke.
2003tik Zuberoako Ikastolek eguberriko saskiak prestatzen dituzte tokiko ekoizpenekin, eta iaz 2.200 saski saldu zituzten. Zuberoan Ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri osoko elkartasuna ezinbestekoa zaiela eta, saskiak erosteko deia egin dute aurten ere.