Gabon animatuak Deban!

Abenduaren 26tik 29ra, ostegunetik igandera, egingo dute AnimaDeba Animazio Zinemaldiaren VI. edizioa. Filmen proiekzioak Debako Agirre Jauregiko Ispilu Gelan egingo dituzte, baina horiez gain beste hainbat ekintza bilduko ditu jaialdiak.



Animazioaren generoak gero eta tarte gehiago eskuratu du egungo zinemagintzan, eta teknologia berriek ahalbidetutako baliabideak erabiliz, punta-puntako filmen pareko lanak aurkeztu dira azken urteetan. Horietako batzuk ikusarazi eta Gabonetako oporraldirako plan alternatiboa eskaintzeko asmoz, AnimaDeba zine jaialdia egingo dute abenduaren 26tik 29ra Deban.

Besteak beste, Izibene Oñederraren Hotzanak, for your own safety, Wes Anderson zinemagile estatubatuarraren Fantastic Mr. Fox eta Adam Elliot zinegilearen Mary & Max proiektatuko dituzte Agirre Jauregian, eta Peur(s) Du Noir lan kolektibo frantsesa gaztetxean.

Proiekzioez gain, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren zuzendariaren hitzaldiarekin abiatuko dute jaialdia, eta Nontzeberri.com kultur atariak urtero antolatzen duen Nontzefilmak film laburren lehiaketan parte hartu duten lanen aukeraketa bat eskainiko dute abenduaren 29an, jardunaldiei amaiera emateko. Kontzertuak ere ez dira faltako!

Tailer eta lehiaketa
Dena den, bi berrikuntza izango ditu aurtengo jaialdiak. Batetik Rotoskopia tailerra abiatu zuten hilaren 14an, eta datozen bi larunbatetan ere saioak egingo dituzte goizez, teknika honen erabileran sakontzeko. Bestetik, datorren urteko ediziorako gortina lehiaketa ere martxan jarri dute. Animatu!

Egutegi osoa


Abenduaren 26an, osteguna

Agirre Jauregian
  • Jose Luis Rebordinosen hitzaldia (zehaztu gabe)
  • Izibene Oñederraren Hotzanak, for your own safety (19:00etan)
  • Wes Andersonen Fantastic Mr. Fox (ondoren)

Gaztetxean
  •     Peur(s) Du Noir lan kolektibo frantsesa (zehaztu gabe)

Abenduaren 27an, ostirala, Agirre Jauregia
  • Gorka Vazquez eta Ivan Onekaren Wish Fish (17:00etan) – Haurrentzat
  • Ain_1 taldearen kontzertua (19:30ean)
Abenduaren 28an, larunbata, Agirre Jauregian
  • Francis Nielsenen Blackie eta Kanuto (17:30ean) – Haurrentzat

Abenduaren 29an, igandea, Agirre Jauregian
  • Zuriñe Goikoetxearen S.O.S. Mamba Beat film laburra (zehaztu gabe)
  • Adam Ellioten Mary & Mas (ondoren)
  • Nontzeberri filmen aukeraketa (ondoren)
  • Gariren kontzertua (ondoren)