Gabilondo: "Atzerritzarrei euskarazko hitzak irakasten dizkiegu"
Igor Gabilondo donostiarra duela bi urte iritsi zen Realaren lehen taldera. Aurten partida gutxi jokatu dituen arren, 23 urteko erdilaria etorkizun handiko jokalaria dugu.
Realean ez omen dago giro
Duela gutxi entrenatzailea aldatu denez, hala da. Dena dela, taldekideak gogotsu ikusten ditut. Olabe entrenatzaile berriak ez du eskarmentu handirik, baina jokalarion babes osoa du.
Turkiarrak, holandarrak, jugoslaviarrak Realaren aldagelak Babelgo dorrea dirudi, ezta?
Ni ingelesa ikasten ari naiz. Ez pentsa, hala ere, elkar ulertzea zaila denik. Westerveld holandarra eta Nihat turkiarra, esaterako, iritsi berriak dira eta gazteleraz nola edo hala moldatzen dira.
Hainbeste hizkuntzen artean, ba al da tarterik euskararentzat?
Bai, noski. Aranburu, Lopez Rekarte eta gainontzeko euskaldunon artean euskaraz egin ohi dugu. Atzerritarrak erabat harrituta geratzen dira euskararekin. Erdara menperatzen dutenean, euskarazko zenbait hitz irakasten dizkiegu.
Reala Bigarren Mailara jaistearen aldeko oihuak entzun ziren San Mameseko azken derbian. Zer irudituko litzaizuke Athletic Europan sartzea?
Athleticen aurka jokatzen dudanean, hiru puntuak eskuratu nahi ditut, jakina. Hori bai, aurten guk ez dugu Europan sartzeko aukerarik. Beraz, ondo irudituko litzaidake Athleticek UEFA jokatzea, ez baita guretzat kaltegarria izango.
Euskal Herriko zenbait kirolarik uko egin diote Frantziako edo Espainiako selekzioari. Zer egingo zenuke Espainiako selekzioaren deia jasoz gero?
Hau galdera zaila! Espainiako selekzioari uko egiteak zigorra ekarri die zenbait jokalariei. Beraz, ez dago erabakitzeko benetako askatasunik. Nire ustez, bidegurutzean ez egoteko, euskal selekzioa bultzatu behar da, lehenbailehen nazioartean aritzeko.
Baloiarekin ezezik, nesketan ere futbolariak trebeak omen zarete
Zurrumurru hutsa da hori. Nik, behintzat, ez dut gehiago ligatzen Realean nagoenetik, betiko neskalagunarekin jarraitzen dut.
Realaren himnoa badakizu, ezta?
Lasai asko abestuko nuke himnoa. Txikitatik izan naiz realzalea nola ez dut jakingo, bada, Realaren himnoa?
Salbatuko al da Reala?
Zalantzarik gabe. Ni, izatez, baikorra naiz. Puntu asko daude jokoan oraindik.