Futbolzaleen iruzkin homofoboei erantzuteko keinua: azkazalak margotzea

Celta taldearen zaleek Borja Iglesias jokalariari babesa eman diote jasotako irain homofoboen aurrean.

Jokaera batzuk gaindituta daudela uste dute askok, baina noizean behin hala ez dela gogorarazten duten gertaerak izaten dira gizartean. Eta futbolzaleen artean ere gauza bera gertatzen da. Espainiako futbol ligako lehen mailako zenbait jokalarik irain homofoboak jaso dituzte denboraldi honetan, tartea Aitor Ruibal, Hector Bellerin eta Borja Iglesiasek.

Celtako jokalaria den Borja Iglesiasena izan da azken kasua. Sevillan jokatzen ari zela, bertako zenbait ikuslek hainbat iruzkin egin zizkioten: "Ea hiltzen zaren, marikoi zikina" edota "margotu azkazalak". Jokalariak beltzez margotu ohi ditu azkazalak, eta horri egin zioten erreferentzia, besteak beste, mespretxuz.

Egoera ikusirik, Carcamans kirol-lagunarteak igandeko partidura azkazalak margotuta joateko deia egin zuen, eta Celtak ere babesa eta zabalkundea eman zion ekimenari. Hala, adin guztietako zaletu ugari agertu ziren azkazalak margotuta zelaira. Baita jokalari batzuk ere.

Aurrez ere ohartarazi izan du Iglesiasek sare sozialetan eta zelaian jasan izan dituen iruzkinez. 2023an futbol munduko homofobia salatzeko kanpaina bat ere egin zuen.

Argi dago oraindik lan handia dagoela egiteko aniztasunaren onarpenaren eta errespetuaren alorrean.