Freaks: Duintasunaren aldeko borroka

1932an, Tod Browning-en "Freaks" filma estreinatu zen. Zuzendari madarikatu batek aktore madarikatuekin egindako film madarikatua da "Freaks". Horrexegatik, duintasunaren ikurra dugu.


"Munstroen agerraldia". Halaxe itzuli zuten "Freaks" hainbat hizkuntzatan eta egia esan, zinean sekula erakutsi gabeko mamuak erakutsi zizkigun "Freaks"-ek. Hemen ez dago Frankestein, Drakula edo Otso-gizonik; munstroak besorik edo hankarik gabeko benetako gizakiak dira. Hala ere, munstroek gizakiaren handitasuna eta krudeltasuna agerian uzten dituzten bitartean, "akatsik" gabeko gizakiak maltzurkeria eta zitalkeriaren adierazle dira, arimarik gabeko mamuak. "Freaks" duintasunaren ikurra da. Baita Tod Browning zuzendaria ere.
"Freaks"-en istorioa erraza da. Frantziara toki batera akats fisiko nabarmenak dituzten gizakiez osatutako zirkua iritsi da. Munstro hauek nazka edo harridura sortzen dute jendearengan eta beharbada horrexegatik, beraien artean elkartasun handia dago. Zirku horretan, dena den, gizaki "perfektoak" ere badira: Cleopatra neska trapezista ezinederragoa eta Hercules gizon indartsua. Biak maitaleak dira. Cleopatrak Hans epotxa izugarri aberatsa dela dakienean, berarekin ezkontzea erabakiko du. Eztei bazkarian, Cleopatrak, mozkorturik, Hans eta gainerako munstroak iraindu eta musua emango dio jendaurrean Herculesi. Handik gutxira Hans gaixotu egingo da eta munstroak konturatuko dira trapezista senarra pozoitzen ari dela, heredentzia jaso eta Herculesekin elkartzeko asmoz. Filmaren bukaeran munstroek mendekua hartu, Cleopatra eta Herculesi sekulako zauriak egin eta munstro bihurtuko dituzte.
Nabari denez, "Freaks"-en gizaki-munstroek duintasunari eutsi nahi diote. Ez dute onartzen inork haietako bat iraintzea eta elkarturik, erasotzailearen aurka egiten dute ankerkeriaz. Nortzuk ziren, ordea, izaki maitagarri haiek?
Tod Browningen taldeko casting arduraduna denbora luzez aritu zen New Yorken eta Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean gizaki arraro bila. Ez zuen arazo handirik izan, Browning-ek hainbat hautagai filmetik kanpora utzi behar izan zituen eta, "elefante azala zuen neska bat" tartean. Browningek aukeratutako gizakiak bereziak ziren benetan. Randian Printzeak ez zuen ez besorik, ezta hankarik ere, enborra besterik ez, eta hala ere, ahoaz baliatuta, zigorrak egiteko eta pizteko gauza zen. Gizon jantzia zen Randian Printzea, kultura handikoa, adimenarekin edozer egin zitekeela sinetsita zegoen, eta seme-alabak zituen. Daisy eta Violet Hilton ahizpa siamesak oso ezagunak ziren vaudeville antzerkian. Josephine/Joseph hermafrodita zen. Jhonny Eck "gizon erdia" zen, hau da, bularra ondoren oinak zituen. Eta beste asko eta asko: epotxak, besorik gabeko emakumea, 30 kilo besterik pisatzen ez zituen gizona, emakume bizarduna...
Errodajea oso lasaia izan zen, lasaiegia esan beharko genuke. Izan ere, aktoreek jendea uxatu egiten zuten. Metro Goldwin Mayerreko langile eta arduradun askok ez zituen aktoreak aurrean ikusi ere egin nahi, are gutxiago jantokietan. Protestak izan ziren eta "Freaks"-eko aktoreentzat beste jantoki bat paratu zuten, aterperik gabe. F. Scott Fitzgerald idazle eta gidoigileak botaka egin zuen behin, jantokian Browningen adiskideak ikusita.
Filmak ere ez zuen harrera gozoa izan. Aurre estreinaldietan, gordinegia zelako edo, jendeari ez zitzaion batere gustatu. Beraz, jatorrizko bertsioa, ordu t'erdikoa, 64 minututan utzi zuten. Gaur egun, inork ez daki zein den jatorrizko bertsioa. EEBBetako zenbait estatutan debekatu egin zuten "Freaks" eskaintzea. Horrez gain, filmak 164.000 dolarretako galera izan zuen eta Metroko arduradunek artxibatzea erabaki zuten. Erresuma Batuan estreinaldi hartatik hiru hamarkadeetara ikusi ahal izan zen.
Aktoreen eta filmearen ildotik, Tod Browning ere zuzendari madarikatua izan zen Hollywooden. Munstro eta pertsonai ilun eta bitxiak pantailaratzea gustukoa zuen, bereak dira, besteak beste, "Dracula", "Iron Man" edota "The Devil-Doll". Alkoholikoa, Browning magia beltzaren eta koka zalea omen zen, Hollywoodeko festarik basatienetan parte hartzen zuen eta Anna May Wong adin txikiko aktorearekin izandako harremanak hautsak harrotu zituen bazterretan. Horrez gain, Universal ekoiztetxetik kanporatu zuten 1923an eta Metroko arduradunekin ere ika-mika gogorrak izan zituen. Bere erara, ekoizle handien aurrean duintasunaren aldeko borrokalaria izan zen "Freaks"-eko egilea.