Frantziak txakur eta katuak animalia dendetan saltzea debekatu du

Animalien aurkako tratu txarren legea onartu berri du gainera, tratu txar edo abandonuen aurrean zigorrak gogortuz. Gainera, zirku eta zooetan, pixkanaka, animalia basatien erabilera mugatu nahi du.

Berriki, Senatuaren azken bozkekin, animalien aurkako tratu txarren proiektu legea onartu du Frantziako Parlamentuak. Araudiak animalia dendetan txakur eta katuak saltzea debekatzen du, animalien aurkako tratu txarrak eta abandonatzeak gogorrago zigortuko ditu eta apurka apurka zirku eta zooetan animali basatiak edukitzea mugatu nahi du. 

Lehen neurriak etxeko animaliei zuzenduta daude. Lege proiektuak dio ez direla "ez jostailuak, ez eta kontsumorako produktuak". Frantziarren bitik batek etxeko animalia bat du, baina hala ere, urtean 100.000tik gora animalia abandonatzen dira. Pentsatu gabeko erosketak ekiditeko konpromiso eta ezagutza ziurtagiri bat igorriko da animaliaren bat eskuratzerakoan. Gainera, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera debekatua egongo da animalia dendetan txakur eta katu kumeak saltzea eta jada, ezingo dira erakusleihoetan erakutsi. Gainera, Internet bidezko maskoten salmenta ere hobeto arautua egongo da. 

Zigor penalei dagokionez, etxeko animalia bat nahita akabatzea delitua izango da, ez isun sinple bat. Tratu txarretara kondenatzen diren pertsonak sentsibilizazio kurtso bat burutu beharko dute. Azkenik, animalia bat edukitzea debekatzen zaien pertsonak artxibo batean erregistratuak geratuko dira. 

Legeak eztabaida sortu du animali basatien puntuan. Egun Frantzian 120 zirku ibiltari daude. Bi urtetan debekatu egingo da animalia hauek publikoaren aurrean erakustea eta hauek mantentzea debekatuko da 7 urteren buruan. "Lege arbitrarioa da, ez baitako tratu txarrik gure zirkuetan" esan du William Kerwich-ek, zirkuko animalien jabeen sindikatuko presidenteak.