'Frankenstein agurgarria' ikuskizunak abiatuko du Hi(ZKI)bridoak zikloaren hirugarren edizioa
Irailaren 22an izango da, Bilboko Berreginen Museoan.
Petti musikariaren eta Ana Galarraga zientzia-komunikatzailearen Frankenstein agurgarria ikuskizuna izango da Bilboko Euskararen Etxeak antolatzen duen Hi(ZKI)bridoak kultur egitarauko lehen ekintza. Victor Frankensteini zuzendutako gutun baten irakurketa du ardatz ikuskizunak eta bere helburua "liburuaren izpiritua gaurkotzea eta Mary Shelleyren figura eta lana aldarrikatzea eta lehen planora ekartzea" da.
Ana Galarragak sortu du testua, zientzia, etika, feminismoa eta literatura uztartuta. Petti musikariak lagunduta errezitatuko du Galarragak. "Orain dela 200 urte baino gehiago idatzi zuen Mary Shelleyk liburua, garai oso nahasian, eta paralelismo handia dauka gauza askotan, garai hark gaur egungo giroarekin eta kezkekin: gizateriari buruzko kezkak, beldurrak, autoritarismoa, ingurumena, zientziaren aurrerapenek sortzen dituzten zalantza etikoak...", azaldu du Galarragak.
Emanaldia irailaren 22an izango da, 19:00etatik aurrera, Bilboko Berreginen Museoan, Euskararen Etxeko obrak direla eta. Sarrera librea izango da.
