Film laburren gaualdia egingo dute Arrosan

Bost pelikula proiektatuko dituzte bihar iluntzean.

Ipar Euskal Herrian euskal antzerkiaren eta kultuaren hedapena sustatzeko sortutako Ibilki egitasmoa dela eta, zinema eta antzerki saioak, dantza emanaldiak eta kontzertuak egiten ari dira hainbat herritan, Euskal Kultur Erakundeak bultzatuta. Programa honen barruan, film laburren gaualdia egingo dute bihar, hilak 19, iluntzean, Arrosako Pilota plazan. Bost ikus-entzunezko emango dituzte guztira.

Lur Olaizolaren Zerua Blu (2019, 14') izango da horietako bat. 1954ko urtarrilaren 24an, hogeita bi urteko Mamaddi Jaunarenak itsasontzi bat hartu zuen Le Havretik New Yorkera. Baina bere bidaia lehenago hasi zen herriko zineman, pantailatik atera eta inoiz desagertzen ez diren irudiekin: Cadillac ederra, neska gaztea, zerua blu.

Manex Fusch eta Eñaut Castagneten Positive bomb ere ikusi ahal izango da (2019, 15'). Jare eta Argik azken urtea dute kolegioan. Maiatz bukaera da, azterketen garaia. Argiren gurasoek mehatxua egin diote: brebeta xuria huts egiten badu, Ikastolatik aterako dute, Etxepare lizeoa tirrit. Momentuz, ostiral goiza da Piarres Larzabal Kolegioan...

Sara Fantovaren No me desperteis (2018, 21') Bilbon kokatzen da, 2009an. Jone nerabea DBHko 4. mailako ikaslea da giro aldarrikatzaile eta abertzaleko institutu batean. Aita Eusko Jaurlaritzako kargu politiko izendatzearen ondorioz, eskolta jarriko diote eta ordura arteko bizimodua galduko du.

Eñaut Castagneten Muga (2022, 25') ere proiektatuko dute. Joxeanentzat, Euskal Herrian mugarik ez da. Astero alde batetik bestera pasatzen da, txerriak saltzeko. Kamarurentzat ordea, oztopo eta arrisku guztien sinonimoa da muga. Alta, haien bideek elkar gurutzatuko dute.

Azkenik, Manex Fuchs, Ximun Fuchs, eta Enaut Castagneten Nire eguneroko maitea  (2020, 15') proiektatuko da. 2011ko urrian kokatzen da istorioa. Hiru emazte belaunaldi familia-maitasun loturak atxikitzera entseatzen dira, Euskal Herriko gatazka armatuaren bukaera gogorra izanik ere. Gertakariek Amaia, sei urteko neskatoa, gainditzen dute eta bere istorioa berriz asmatzen du, berreraikitze konpultsibo eta inozentearekin.