Film eta musika emanaldia bihar Urruñan

'Inside Llewyn Davis' pelikularen emanaldia eta Ekiza musikariaren kontzertua izango da iluntzean hasita.

Bi hilabetean behin, eta Maita Kulturarekin elkarlanean, zine-kontzertu emanaldiak eskainiko dituzte Urruñako Itsas Mendi zinegelan, musika mota guztien indarrarekin dar-dar egin eta bertako eragile kulturalen arteko harreman berriak sustatzeko.

Lehen emanaldia bihar egingo dute, hilak 12, Inside Llewyn Davis filmaren proiekzioarekin eta Jurgi Ekizaren kontzertuarekin. Inside Llewyn Davis (2013, Joel & Ethan Coen) pelikulak 1961eko Greenwich Villageko musikan folk abeslari gazte baten bizimodua kontatzen du astebeteko tartean . Llewyn Davis bidegurutzean dago, musikari lanetan bizimodua ateratzeko borrokan eta gaindiezinak diruditen oztopoei aurre egin nahian, berak sortutakoetatik hasita. Adiskideek edo ezezagunek ematen dioten laguntzari esker irauten du bizirik, edozein lan onartuz. 

19:00etan izango da filmaren emanaldia eta bi ordu geroago arituko da Ekiza musikaria. Willis Drummond taldeko kantari, gitarra-jotzaile eta sortzaileak, bere bakarkako ibilbideko kantuak joko ditu.