Fernando Morillo: beti erne

Fernando Morilloren literatur ekoizpena ikaragarria da. Genero guztiekin ausartu da, misteriozko eleberritik hasi, eta saiakera zientifikoraino. Aniztasun horren arrazoiak ez dira makalak. Txikitan fantasia eta zientzia-fikzioa irakurtzen zituen, eta gerora, Auster bezalako narratzaileak ezagutu zituen. Aresti eta Miranderi esker gure literatur ausartena dastatu zuen, eta musika ere ezin aipatu gabe utzi; Laboa eta Leterena, batez ere. Komikigintzari dagokionez, gure Ipurbeltzetik hasi eta Cimoc historikoraino, zerrenda luzea aipa genezake. Eta hauekin batera, bere adin bereko beste hainbat idazle euskaldun.
Idazterako orduan, gauzak ulertu nahia du motibazio nagusi. Gazte literatura egiteko orduan, adibidez, nerabeen kezkak eta itxaropenak islatzen saiatzen da. Misterioa edo abentura lantzerakoan, jakinmin hutsez aritzen da, eta ez azaletik, gainera, edozein mozorro erabiliko baitu horretarako.
Idaztea zaletasun zuen hasieran, eta beharra orain; afiziotik ofiziorako jauzia, bi hitzetan azaltzearren. Izan ere, hasieran jolasa zena erraietan daramala konturatu zen Morillo. Idaztea denborapasa baino zerbait gehiago da berarentzat.
Beharbada, bere lanek izandako oihartzuna da Morillo bere belaunaldiko idazleengandik gehien bereizi duena. Teknologia berrien zalea, hainbat ikastaro zuzendu ditu idazleentzako baliabide berriak ezagutarazi nahian. Ezagutza hauek presentzia izan ohi dute bere liburuetan, dibulgazio zientifikoaren eta fikzioaren arteko nahasketa interesgarria sortuz. Beti erne dabil Morillo.

Bibliografia
Gudaoste ametsak (Kutxa, 1999)
Bila nazatela (Ibaizabal, 1999)
Sexu egunsentiak (Elkar, 2000)
Erraldoi herrena (Alberdania, 2000)
Bihotz nahasiak (Ibaizabal, 2001)
Ortzadarra sutan (Elkar, 2002)
Izar-malkoak (Aizkorri, 2002)
Dorretxe zaharreko misterioa
  (Ibaizabal, 2002)
Leonardo da Vinci-ren biografia (Elkar, 2003)
Arriskupean! (Ibaizabal, 2003)
Eta ni zer! (Elkar, 2003)
Gloria Mundi (Elkar, 2004)
Gloria Mundi (Tartalo, 2004)
Dragoien orroa (Elkar, 2006)
Idoiaren agenda/Gariren agenda (Elea, 2005)
Eragon (Itzulpena. Elkar, 2006)
Andoitz eta Lurralde Ezkutuak
  (Ibaizabal, 2007)
Iratiko sorgin basatia (Ibaizabal, 2007)
Sexi-menduz (Elkar, 2007)
Suminaren estrategia (Elkar, 2008)