Fermin Muguruzaren 'Black is Beltza II: Ainhoa' filmaren Donostiako Zinemaldiko estreinaldirako sarrerak salgai jarri dituzte

Irailaren 23an izango da animaziozko ikus-entzunezkoaren proiekzioa, Belodromoan.

Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioan aurkeztuko du Fermin Muguruzak 2018an kaleratutako Black is beltza animaziozko pelikularen bigarren zatia. Oraingo honetan Ainhoa izango da filmeko protagonista. 

Honela deskribatu dute filmaren nondik norakoa: "Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen (Bolivia) Amanda ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatuko da Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun-kuadrilla ezagutuko ditu. Horietako bat heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, Ainhoa eta Josune iniziazio-bidaian murgilduko dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira".

Muguruzak zuzendu du filma eta gidoia Isa Campo eta Harkaitz Canorekin batera ondu du. Maria Cruikshank aktoreak egin du Ainhoaren papera eta beste hainbat antzezle ezagunek ere parte hartu dute pertsonaiei bizia ematen, besteak beste, Itziar Ituño, Manex Fuchs, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Ramon Agirre, Maite Larburu, Gorka Otxoa, Jon Plazaola, Ariadna Gil eta Antonio de la Torre. 

Irailaren 23an, ostirala, egingo dute pelikularen lehen proiekzioa Donostiako Belodromoan. Aretoak ia 400 metro karratuko pantaila bat izango du, egokituta egongo da eta ia 3.000 ikus-entzule sartuko ahalko dira bertan. Sarrerak hemen eskura daitezke. Banakako sarreren prezioa 8,25 eurokoa da eta saio bakoitzerako lau eros daitezke. Erosketa bakar batean hamar sarrera edo gehiago erosiz gero, %25eko deskontua aplikatzen da.

Estreinaldiaren ondotik, filma irailaren 30etik aurrera ikusi ahal izango da zinemetan.

Paco Leon eta Fernando Leon de Aranoaren filmak ere ikusgai Belodromoan
Fernando Leon de Aranoaren Sintiendolo mucho eta Paco Leonen Rainbow  pelikulen proiekzioak ere hartuko ditu Belodromoak. Joaquin Sabinari buruz egindako dokumentala da Aranoarena,  eta Leonena, berriz, The Wizard of Oz klasikoari egindako gaur egungo begirada, Dora Postigo, Carmen Maura eta Carmen Machi aktoreekin. Bi emanaldi hauetarako sarrerak ere salgai daude.