Feminismoaren inguruko euskarazko edukiak biltzen dituen 'Leiho Morea' webgunea sortu du Elhuyarrek

Idatzizko edukiak eta ikus-entzunezkoak daude bertan, eta baita hiztegi terminologikoa ere.

Elhuyarrek Leiho Morea webgunea aurkeztu du, feminismoaren alorreko euskarazko edukia biltzen duen gunea. Feminismoaren inguruko edukien bilduma esanguratsu bat sortzea da asmoa, eta baliabide hori erabilgarria izatea hizkuntzarekin zein edukiarekin lotutako askotariko kontsultak eta ikerketa-lanak egiteko.

Proiektu honek duen garrantzia nabarmendu dute, "berdintasun errealerako eta gizarte justu baterako bidean, ezinbestekoa delako diskurtso feministan sakontzen jarraitzea eta diskurtso hori oinarri terminologiko sendo eta koherente batekin eraikitzeko baliabideak herritar guztien eskura jartzea".

Leiho Morea webgunea "feminismoaren inguruko kontzeptuak ulertzeko eta diskurtsoak sortzeko, itzultzeko eta ikertzeko kontsultarako baliabidea" da. Bi atal nagusi ditu: batetik, terminoak eta definizioak jasotzen dituen hiztegia, eta bestetik, idatzizko zein ikus-entzunezko edukien corpusa edo bilduma. 

Lehen atala 2020an aurkeztutako Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegiaren jarraipena da. Orduko hartan oinarrizko kontzeptuak bildu ziren, eta aurrerantzean kontzeptu gehiago eta adierazgarriagoak gehituko dituzte.

Bigarren atalari dagokionez, Leiho Moreak bi eratako edukiak biltzen ditu: idatzizkoak (liburuak, prentsa-artikuluak, artikulu akademikoak, gidak...) eta ikus-entzunezkoak (podcastak, jardunaldi feministak...). 

Herritar guztientzako baliabidea dela azaldu dute, eta "bereziki baliagarria dela ohiko jardunean feminismoarekin lotutako edukiak sortzen aritzen direnentzat": mugimendu feministako kideak, kazetariak, idazleak, itzultzaileak, podcast-egileak, unibertsitateko ikasle eta irakasleak, ikertzaileak, berdintasun-teknikariak, politikariak…